Beñat Sarasola, eskuinean. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Txikitatik izan dute gogoko irakurtzea Beñat Sarasolak (Gros, 1984) eta Amaia Garcia Martinezek (Amara, 1986). Asko irakurtzen dute biek, baina era desberdinean bizi dute literatura. Garciak blog bat du, Book Hunter Blog izenekoa, eta azken lau urtean bere ametsetako lanean dabil, inguruko hainbat irakurketa talde dinamizatzen. Sarasolak, aldiz, literatura bere bizitzaren ardatza dela dio, literaturaren inguruko Sautrela telebista saioko azken zuzendaria izan zen, eta literatura eskolak ere ematen ditu unibertsitatean. Literaturarekin duten loturaz hitz egin digute biek ere.
Garciak ongi oroitzen du haurra zela amak liburuak kentzen zizkiola zigortzeko: «Literaturari buruz zerbait egin nahi nuen, eta 2010ean blog bat sortu nuen. Liburu kritikak, kontakizun laburrak eta elkarrizketak egiten ditut idazleekin, irakurleekin…». Sarasolak irakurtzeaz gain, idatzi ere egiten du: «Nahiko inguru literatur zalean jaio nintzen. Esango nuke institutu garaitik aurrera hasi nintzela irakurtzen modu autonomoago batean, idazten ere orduan hasi nintzen. Nobelek dute nire egunerokoan pisurik handiena; orain nobela bat idazten ari naiz eta aurten bukatzea espero dut».
Erosteko ohitura
Amaia Garcia, eskuinean, Literaktumeko hitzaldi batean. (Argazkia: Donostia Kultura)
Donostiako irakurketa taldearekin hasi zen lehenengo Garcia, eta hortik urtebetera Errenteria eta Hernaniko taldeak ere hartu zituen. Parte Zaharreko San Jeronimo kaleko kriptan biltzen da hiriko taldea, hilabetean behin, eta hilabete horretan irakurritako liburuaz hitz egiten dute. «Nik sarrera egiten dut, idazleari eta liburuari buruz, eta, ondoren, eztabaidarako tartea zabaltzen dugu», azaldu du Garciak. Taldea handia dela dio, 30 lagun ingurukoa: «Gehienak 50 urteren bueltakoak emakumezkoak dira, eta nahiko nuke gazteak ere hurbiltzea. Bakoitzak bere irakurketa egiten du, eta askotan pentsatzen dut ea denek liburu berdina irakurri ote dugun! Ondorio oso desberdinak ateratzen dira, eta eztabaida oso sutsuak izaten ditugu». Hilabete honetan, esaterako, irakurtzen ari dira Sergio del Molinoren La mirada de los peces, eta Zaragozako idazlea hurrengo saiora hurbiltzekoa da. Saioak prestatzeko liburuak gutxienez bi aldiz irakurri behar izaten ditu Garciak, eta liburu bakoitzeko gai nagusiak aukeratzen ditu. Ibilbide literarioak ere bideratu izan ditu Garciak, eta oso pozik dago izandako esperientziekin.
Biek ere badute joera liburu denda txikietara joatekoa, baina badituzte ohitura desberdinak ere. «Estado critico blogean aukeratzen dituzten liburuak interesgarriak iruditzen zaizkit, baina askotan begiratzen dut Donosti liburu dendan ere ea zer aukeratzen duten, adibidez», dio Garciak. Sarasolak liburu zehatz batzuk Internet bidez erosten ditu, baina bereziki gogoko du bigarren eskuko dendetara joatea, klasikoak prezio onean topatzen baititu: «Orain liburutegietara gutxiago joaten naiz, baina garai batean Koldo Mitxelenan asko egoten nintzen».
Liburuak gomendatzea oso zaila dela dio Sarasolak, baina irakurri berri duen liburua aipatu du: «Gabonetan La Uruguaya oparitu zidaten, Pedro Mairalena. Asko gustatu zait».
Letren artean galtzeko grina (Donostiako irakurzaletasunaren inguruko erreportajea)
Auzoko irakurle sutsuak (Loiolako lau emakume irakurzaleren inguruko erreportajea)