“Efektuak ez nabaritzea da lan on baten emaitza guretzat”

jon_serrano__drama_fx

Jon Serrano, Drama FX

Handia filmeko efektu bereziak egiteaz arduratu da Drama FX enpresa. Bertako kidea da Jon Serrano (Bidebieta, 1976). Pelikulako efektu bereziengatik Goya sarietarako izendatu eta irabazi egin dute.

Nolatan hasi zinen efektu berezien munduan?

1999an, Saroben, arte eszenikoen gunean ikasi nuen. Hortik, telebistako atrezzoa egiten hasi nintzen, eta ondoren, pixkanaka arte zuzendaritzan eta publizitatean sakondu nuen. Mundu horretan hastean ohartu nintzen ez zegoela inguruan inor efektu bereziekin lan egiten zuenik eta orain dela 10 edo 11 urte poliki-poliki hasi nintzen. Lehenengo euria egiten ikasi nuen, eta gero gainerakoak. Ondoren, Madrilera joan nintzen mundu horretan dabilen jendea ezagutzeko asmoz, baina han ez zidaten kasu handirik egin. Orduan aitaren garajean hastea erabaki nuen eta Mariano Garcia, gaur egungo bazkidea, batu zitzaidan proiektura. Bi garaje erosi genituen eta elkarrekin lanean hasi ginen. Gero garajeak txiki geratu zitzaizkigun eta Andoainera mugitu ginen pabiloi batera. Hor lekua genuen film handiagoetan parte hartu ahal izateko. Orain, Martutenen gaude.

Zein efektu egiten dituzue eta nola?

Hemen ez dugu ezer ordenagailuekin egiten, dena fisikoki egiten dugu. Gehienbat efektu meteorologikoak egiten ditugu –haizea, elurra, euria– baina baita eztandak edo sua moduko efektuak ere.

Prestatuta edukitzen dituzue edo filmetarako espresuki egiten dituzue?

Gauza batzuk prestatuta edukitzen ditugu, adibidez behe-lainoa edo sua egiteko gauzak, baina gero film bakoitzak bere testuingurua dauka. Hau da, pelikula baten filmaziora joaten zarenean lokalizazioaren arabera egokitu egin behar dugu eta gauzak lekuaren arabera moldatu.

Handia filmean behintzat asmatu zenuten. Zein efektu erabili zenituzten?

Handian gehienbat elurra egitea egokitu zaigu, baina baita euria, behe-lainoa edo garaiko tiroak ere. Azken hauek egitea ez da batere erraza izan 1830eko tiroak egin behar izan ditugu.  Elurrez inguratutako eszenei dagokienez, plano oso handiak hartzeko Baqueira-Beretera (Lleida, Herrialde Katalanak) joan ginen paisaia elurtuen bila, baina esaterako, Joakin –Altzoko handia– behe-laino artean galtzen den unea plato batean grabatu genuen. Makinak jarri genituen sabaian, horrela, goitik behera elurra jauzteko.

Efektu bereziak grabatu ostean filma nola geratu den ikustea harrigarria izango da, ezta?

Ikasten ari naiz pelikulak diren moduan ikusten. Baina urte askoan filmak ikusten nituenean atzean dauden efektu bereziak bakarrik ikusten nituen.

Denbora asko behar da efektu bereziak grabatzeko?

Gu normalean errodajeetara joan eta etorri ibiltzen gara. Hau da, efektu bereziak filmatzen dituzten egunetan soilik hartzen dugu parte, baina Handiaren kasuan ia egunero.

Zein izaten da prozesua?

Lehenengo gidoiaren desglosea egiten dugu eta hor efektu berezien inguruko oharrak gehitzen ditugu. Ondoren, produktoreekin eta zuzendariekin hitz egiten hasten gara. Normalean zuzendariek efektu pilo bat nahi izaten dituzte eta gero produktoreak esaten digu zenbat diru dagoen gauzak egiteko.

Hasieratik erantzun ona eduki zuen filmak.

Egia esan hasieratik izan da guztia ikaragarria. Nik lehen aldiz Handia aurre estreinaldi batean ikusi nuen Tabakaleran, eta asko gustatu zitzaidan. Pelikula ederra egin genuela iruditzen zitzaidan, baina inoiz ez da jakiten gero zein bide izango duen.

Goya saria ere lortu zenuten.

Pozik eta harrituta hartu genuen izendapena eta ondoren saria irabaztea ikaragarria izan zen. Gainera oso talde polita osatu dugu, lagunak gara denok eta aspalditik ezagutzen dugu elkar.

Orain filma berriro egin beharko bazenute, aldatuko zenuke zerbait?

Nahiago dut horretan ez pentsatu, hala ere, seguru aski zerbait aldatuko nuke. Dena den, gustura gaude egin genuen lanarekin. Efektuak ez nabaritzea da guretzat lan on baten emaitza, eta horixe izaten da askotan zailena: efektu txikiak eta apenas nabaritzen ez direnak egitea. Esaterako, orain dela gutxi Ane izeneko film labur bat grabatu genuen Gasteizen. Sute ugari ageri dira bertan eta horiek egitea nahiko erraza da, baina une batean Anek metxero bat eskuan duela begiekin pizten du eta hori adibidez oso zaila da.

Handia filmean parte hartu duten beste lagun batzuekin ere hitz egin dugu.

Pascal Gaign, musikaria: “Azken uneraino egon ginen xehetasun guztiak lantzen”

Andoni de Carlos: “Kostatu egingo zaigu hankak berriro lurrean jarri ahal izatea”

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend