Handia filmeko fotograma bat.
Arrakasta ikaragarria eduki du ‘Handia’ filmak Goya sarietan. Hamahiru hautagaitza zituen eta hamar sari eskuratu ditu. Modu batera edo bestera hainbat donostiarrek hartu dute parte.
Altzoko Handia. Halaxe deitzen omen zioten Miguel Joakin Eleizegiri. 1818an jaio zen Altzoko baserri batean. Hogei urte zituela gaitz batek jo eta etengabe hasten hasi zen, 2,42 metrora iristeraino. Europako gizonik garaiena izan omen zen, eta horrek emandako ospea baliatu zuen Europan zehar bidaiatzeko, haren anaiarekin batera. Aundiya izen komertziala erabili zuen horretarako.
Izen hori jarri nahi zioten hasieran Aitor Arregik eta Jon Garaño zuzendariek Miguel Joakin Eleizegiren inguruan filmatutako pelikulari, baina azkenean Handia izena geratu zaio. Eta izena bezalakoxea izanda filmaren oihartzuna ere: handia.
“Handia erraldoi” bihurtu dutela diote zenbaitek baina hori ez da egun batetik bestera lortzen, jende askoren lana eskatzen du. Izan ere, Handia ekoizteko ohikoa baino lantalde handiagoa behar izan dute: 80 bat lagun talde teknikoan, 30 aktore inguru, figurazioan ehun lagunetik gora… Horien artean hainbat donostiarrek hartu dute parte: tartean, Jon Garaño (zuzendaria), Pascal Gaigne (musikaria), Andoni de Carlos (gidoilaria), Jon Serrano (efektu bereziak), Ramon Agirre (aktorea) eta Aisa Kruse (aktorea). Txiki askoren lanak egin du, beraz, handia erraldoi.
Grabazioak uste baino gehiago luzatu zitzaizkien eta filma ere ez zuten hasieran espero bezala Canneseko jaialdian aurkeztu. Dena den, badirudi merezi izan zuela itxaroteak. Irailean estreinatu zuten Handia Donostiako Zinemaldian eta Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen. Harrera beroa izan zuen pelikulak eta kritikari ia gehienek ere goraipatu egin zuten Arregi eta Garaño zuzendarien lana.
Duela lau urte egindako Loreak filmak Handiari bidea ireki diola uste dute bi zuzendariek, naiz eta bakoitzak bere bidea egin duen.
Donostian filmatu zuten
Hainbat lekutan grabatu zuten filma, horien artean Donostia. Miramar jauregian aritu ziren grabaketa lanetan. Jauregiaren aurreko parkea Madrileko parke bat bihurtu dute filmean. Garaño eta Arregiren gidaritzapean egun batez Miramar Jauregiaren inguruak duela bi mendeko Madril bilakatu ziren. Jauregiaren kanpoaldean grabatzeaz gain, barruan ere aritu ziren lanean. Madrilgo eliteko gizonezkoen klub bat irudikatu zuten. Filmean, une horretan, erraldoia erakusten diete eta gizon hauek barre eta burla egiten diote Aundiyari.
Donostia eta donostiarrak presente egon ziren, beraz, Handia filmean, eta baita pelikulak edukitako arrakastan ere. Aurretik aipatu moduan, 65. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten pelikula eta han edukitako arrakastaren oihartzunak entzun ziren otsailaren 3an ospatutako Goya sarietan. 13 hautagaitza lortu zituen Handiak eta horietatik 10 irabazi zituen, tartean hainbat donostiar.
Jatorrizko gidoi onenaren saria jaso zuten Aitor Arregik, Andoni de Carlosek, Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak; produkzio zuzendaritza onenarena eman zioten Ander Sistiagari; zuzendari artistiko onenarena Mikel Serranori; argazki zuzendari onenarena Javier Agirreri; makillaje onenarena eskuratu zuten Ainhoa Eskisabelek, Olga Cruzek eta Gorka Agirrek; efektu berezi onenaren saria jaso zuten Jon Serranok eta David Herasek; eta jatorrizko musika onenaren saria, berriz, Pascal Gaignek.
Euskara ere garaile atera zen. Goya sarietan inoiz entzun den euskara gehien entzun da aurten, izan ere, saria irabazi zuten guztiek egin zuten hitzen bat euskaraz agertokiaren gainera igotzean.
Olatu erraldoia pasata barealdia iritsiko zela usteko zuten zenbaitek, baina oraindik Handiaz gozatzeko aukera egongo da. Maiatzean estreinatuko dute Netflix plataforma digitalean. Dena den, dagoeneko badago aukerarik Handia plataforma digitaletan ikusteko Filmin plataforman, adibidez, otsailaren 9tik dago ikusgai.
Handia filmean parte hartu duten hainbat donostiarrekin hitz egin dugu:
Pascal Gaign, musikaria: “Azken uneraino egon ginen xehetasun guztiak lantzen”
Jon Serrano, efektu bereziak: “Efektuak ez nabaritzea da lan on baten emaitza guretzat”
Andoni de Carlos: “Kostatu egingo zaigu hankak berriro lurrean jarri ahal izatea”