"Kostatu egingo zaigu hankak berriro lurrean jarri ahal izatea"
Handia filmeko gidoilarietako bat da Andoni de Carlos (Amara Berri, 1980). 18 urte inguru zituela hasi zen gidoigintzan ikastaro bati esker, eta gaur egun ere horretan dihardu.
Gaztetxoa zinela hasi zinen gidoigintzan.
Bai, 18 urte inguru izango nituen. Isabel Albaren ikastaro batean hartu nuen parte Larrotxenen, Intxaurrondoko kultur etxean. Aurretik ere gustatzen zitzaidan zinema baina ez neukan txikitatik argi gidoilari izan nahi nuenik.
Gogoan duzu zure lehen gidoia?
Noski, oso txarra zen. Dena den, gero ikastaroan egindako gidoi batekin sari bat irabazi nuen. Saria, nik egindako gidoia ekipo profesional batekin gauzatzea izan zen. Oso oroitzapen politak ditut eta horrek indar handia eman zidan. Hala ere, orduan ematen zuen dena oso erraza izango zela, baina gero ez da horrela izaten. Kolpe asko hartu ditut gerora, baina behin lortu nuenez banekien posible zela berriro lortzea eta ez nuen etsi.
Zein gidoi mota egin dituzu?
Denetarik egin izan dut; besteak beste, telebistako saioak, film laburrak, fikzioa eta zinema. Gainera, orain antzerkiarekin eta ipuin ilustratuekin ere ari naiz eta klaseak ere ematen ditut gidoigintzaren inguruan.
Egin dituzun lanen artean zein gidoi aipatuko zenuke?
Entzutetsuena agian Asier Urbietarekin egin nuen film laburra izan zen: Pin, pan, pun. Donostian egin genuen 2008. urtean eta sari ugari irabazi genituen. Horrek indartu egin ninduen.
Gidoitik gidoira asko aldatzen da?
Bai, hizkuntza ugari daude. Niri aukeran fikzioa idaztea gustatzen zait. Hala ere, adibidez antzerkia eta ipuin ilustratuekin orain hasi naizenez ilusio handiarekin ari naiz; zer aterako den ikusteko gogoz nago.
Handia filmeko gidoia idatzi duzu beste hiru lagunekin batera. Nolako esperientzia izan da?
Oso prozesu luzea baina aberatsa izanda. Lau pertsonen artean idatzi dugu gidoia. Nik idazten nuen eta gainerakoak irakurri, eta ondoren, euren oharrak eta aldaketak egin eta berriro bidaltzen zidaten. Ondoren, beste batek hartzen zuen testigua eta alderantziz egiten genuen lan. Aitor Arregi, Jon Garaño, Jose Maria Goenaga eta lauok aritu gara gidoia idazten. Niretzako oso erraza izan da horrela lan egitea.
Ezagutzen zenuen Altzoko handiaren historia?
Bai, txikitatik ezagutzen nuen. Aitarekin Altzora joan eta kontatzen zidan han erraldoi bat bizi zela orain dela urte asko. Niri oso harrigarria egiten zitzaidan erraldoi bat Donostiatik hain gertu bizitzea. Hala ere, gidoia idazterako orduan oso datu gutxi genituen, gaur egunera arte informazio gutxi iritsi da eta batzuk auskalo egiak diren ala ez. Hasieran sentsazioa nuen ezinezkoa zela halako pelikula bat egitea; ez gidoiagatik, paperak edozer aguantatzen du, baina XIX. mendeko erraldoi bat duen film bat?
Baina egin zenuten, eta baita 10 Goya sari irabazi ere.
Kristorena izan zen, ilusio askorekin bizi izan genuen. Nik gidoi gehiago idatzi ditut baina hau da gauzatu den bakarra. Beraz, horrelako harrera eduki izana ikaragarria da.
Nolakoa da zuk paperean idatzitakoa pantaila handian ikustea ?
Filmazio bat ikustera joan nintzen Beizama inguruko baserri batera familiarekin, eta oso polita izan zen. Gero egia da gure lana hasierako fasean kokatzen dela. Hau da, gidoia filmatzen hasi baino egun bat lehenago amaitu genuen. Aurreko egun horretan egun guztia pasa genuen lau gidoilariok testua errepasatzen, eta azken gauzak aldatzen. Hor bukatzen da gure lana. Horregatik, Handia filmeko taldeko jende asko azken egun hauetan ezagutu dugu.
Zenbat denbora behar izan duzue ‘Handia’ filmeko gidoia idazteko?
Oso zaila da zehatz esaten. Handia hasieran animaziozko pelikula bat izan behar zen, hori zen hasierako proposamena, 2011. urtean edo. Baina, noski, urte horietan guztietan ez gara idazten egon.
Nola bizi zenituzten Goya sariak?
Kosta egiten da berriro hankak lurrean jartzea, eta kostatu egin zaigu gertatu dena sinestea. Estreinatu genuen arte ez genekien funtzionatuko ote zuen edo ez; gero Donostiako Zinemaldian oso harrera ona eduki zuen eta kritika onak jaso zituen eta, gainera, epaimahaiaren saria irabazi genuen. Ondoren, Goya sarietarako hautatu gintuzten, 13 izendapen. Hori ikaragarria izan zen eta ez genuen inondik inora espero 13 izendapen horietatik 10 irabaztea. Ez sinesteko modukoa izan da gertatu den guztia, amets bat.
Handia filmean parte hartu duten beste lagun batzuekin ere hitz egin dugu.
Pascal Gaign, musikaria: “Azken uneraino egon ginen xehetasun guztiak lantzen”
Jon Serrano, efektu bereziak: “Efektuak ez nabaritzea da lan on baten emaitza guretzat”