Aitziber Etxezarreta, ekonomian doktorea. (Argazkia: Malen Aldalur)
Ekonomian doktorea eta EHUko irakaslea da Aitziber Etxezarreta (Gros, 1978). Etxebizitza sistemak eta politika ereduak aztertu ditu bere doktorego tesian.
Etxebizitzak erostea eta alokatzea oraindik ez dago eskuragarri herritar guztientzat. Azken urteetan asko aldatu da egoera?
Arazo estrukturalak berdin jarraitzen du, baina Donostiaren kasua berezia da. Turismoaren igoerak hiriko errealitatea asko aldatu du azken 10 urteetan, batez ere alokairuaren merkatuaren alorrean.
Etxebizitzen prezioak goraka doazelako sentsazioa dago jendartean. Hala dela uste duzu?
Nik ditudan datuak ez dira hain banatuak eta zehatzak izaten, baina nire sentsazioa da Donostian bi motatako eboluzioa ematen ari dela: erdialdea alde batetik, eta periferia edo inguruko auzoak bestetik. Bilakaerek ez dute zerikusirik izan. Higiezinen burbuila iritsi zenean eta ziklo ekonomikoa aldatu zenean prezioak nabarmen jaitsi ziren, edo gutxienez mantendu. Baina errekuperazioa modu ugaritakoa izan da. Erdialdean errekuperatu egin da, eta badirudi joera goraka doala nahiko nabarmen, baina inguruko auzoetan –Martutenen, Altzan, Bidebietan– ez da joera hori mantentzen.
Donostian bakarrik gertatzen da hori?
Ez, eskala handiagoan ere ikus dezakegu. Estatu mailan, adibidez, Bartzelonako eta Gaztela-Mantxako egoerak ez dute zerikusirik.
Zergatik gertatzen da hori?
Akaso asko orokortzea da hau esatea, baina nik uste dut desberdintasunak areagotzen ari direla mundu mailan, eta beraz, baita Espainiako estatuan, Euskal Herrian eta Donostian ere. Esan dezagun Donostiako erdialdea elite moduko bat dela etxebizitzaren arloan; goi mailako poltsikoek soilik erosi dezaketen merkatu bat dela, eta hori zaila dela geldiaraztea.
Arazoari aurre egiteko Babes Ofizialeko Etxebizitzak erabili izan dituzte sarri erakunde publikoek.
Hori ere nahiko geldi dago. Krisi garaietan ez da aurrekonturik egon edo oso aurrekontu txikia eduki dute Babes Ofizialeko Etxebizitzak egiteko. Hori dela eta, etxe horien eraikuntza geldirik egonda urte batzuetan. Orain ikusteko dago ziklo ekonomiko berri honetan aktibatuko ote duten.
Badago bestelako proposamenik?
Azken etxebizitza plana jarraitu dut pixka bat eta ageri dira bestelako proposamen batzuk ere, etxebizitza kooperatiboena kasurako. Honekin gazteen etxebizitza merkaturako sarbidea erraztu nahi dute. Etxebizitza kooperatibo hauek ez dira betiko kooperatiben gisakoak. Etxebizitzak kooperatiban eraikitzen dira baina kooperatiba ez da inoiz desegiten. Eredu hau oso ohikoa da Europako beste herrialde batzuetan, Danimarkan, Suedian eta Herberehereetan, esaterako. Hemen ere pixkanaka ari da ezagunagoa egiten, nahiz eta oraindik oso gutxi ikusten diren.
Donostian badago halakorik?
Eusko Jaurlaritza Txominen etxebizitza kooperatiboak egiteko proiektu bat zuela entzun nuen azaroan,baina oraindik adjudikazioaren kontua ez zegoen garbi.
Horrelako alternatibekin egoera aldatzea posible dela uste duzu?
Krisiaren ostean geldialdi moduko bat etorri da. Berriz ere eraikuntza sektorea indartzen ari da, eta agian berriro berpiztuko dira halako alternatibak. Hala ere, aurrekontua handitzen ez badute zaila ikusten dut.
Alokairuaren merkatua asko aldatu dela aipatu duzu hasieran.
Gaur egun alokairuaren merkatua asko aldatu da, batez ere, Donostian. Horretan eragin handia eduki du estatuko eta atzerriko turismoaren gorakadak. Hemen batez ere alokairuaren merkatuari eragin dio. Lehen turismoa hurbilagokoa zen, eta batez ere, merkatariei eragiten zien, baina azken aldian turismo eredua aldatu egin da eta horrek alokairuei ere eragin die.
Arazoari irtenbide bat aurkitu ahal izateko erakundeen esku hartzea nahikoa dela uste duzu?
Erakunde publikoen aldetik egon da esku hartze bat baina azken urteetan indargabetua zegoen, aurrekontu gutxi zuten. Gainera, etxebizitza politika beti izan da gainerako politiken anai gazteena, diru eta botere gutxien duena.
Zer egin dezake administrazioak?
Donostian, esaterako, etxebizitza turistikoak nolabait arautzeko eta kontrolatzeko neurriak hartu beharko lituzke. Bestalde, etxebizitza kooperatiboak bultzatzeko neurriak hartu beharko ditu eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen betiko bidea jorratzen jarraitu. Printzipioz, modu asko daude bestelako etxebizitza politikak egiteko.
Etxebizitza arloko politikak egiterako orduan genero ikuspegia kontuan hartzearen garrantzia aipatzen duzu zure tesian.
Genero ikasketetan beti esaten da ikuspegiak zeharkakoa izan behar duela. Emakumeen bazterketa egoera ez da gai bakar batean bakarrik aztertu behar, guztietan baizik; azken finean, bizitzako esparru guztietan daukagu emakumeok posizio ahulagoa. Esaterako, baldin badakigu soldatu baxuagoak kobratzen ditugula eta lan merkatuan ere aukera gutxiago ditugula, horrek ezinbestean eragiten du bizitzako beste esparru batzuetan, tartean, etxebizitza merkatuko sarbidean. Hori dela eta, saiatu nintzen tesia ikuspegi horrekin egiten, nahiz eta nire kasuan datuek ez zuten alde handiegirik erakusten. Izan ere, 2005eko egoera aztertu nuen eta garai horietan gazte guztiek etxe bat erosteko zuten ahalmena hain zen txarra, gizon eta emakumeen arteko aldea ere ez zela hainbeste nabari. Hala ere, beti presente eduki behar den ikuspegi bat da. Etxebizitzaren egoeraren inguruko azterketa bat egiten dugunean ezin diogu horri ez erreparatu. Bestalde, egoera oraindik okerragoa izan daiteke gurasobakarren edo haur asko dituzten familien kasuan.
Zerk bereizten du Donostia gainerako Euskal Herriko hirietatik?
Donostiako kasua oso berezia da. Bertakoen etxebizitza eskariaz gain, kanpokoen etxebizitza eskaria dago. Hori dela eta, presio handiagoa dago Donostiako etxebizitza merkatuan. Lehen ere inguruko jendeak eragiten zuen baina orain turismoaren gorakadarekin eta kanpotik datorren turismo berri honekin gehiago nabaritzen da.
Turismo berria?
Bai, turismo berria. Izan ere, turismo mota hori ez zen existitzen duela 10 urte. Horrek presio gehigarri bat eragin du merkatuan, batez ere, erdiguneko alokairuen merkatuan.
Etxebizitzaren arazoaren inguruko hainbat erreportaje eta elkarrizketa argitaratu ditugu.
Irtenbide bila jarraitzen
Ez dago denen