Ane Labaka eta Beatriz Egizabal dira ‘Erradikalak gara’ ikuskizuneko protagonistak. (Argazkia: Lanku)
Gaur hasiko da Altzako XVIII. Bertso Aroa. Hain zuzen ere, bertsoa izango da protagonista eta egitarau oparoa prestatu dute bertsolaritzaz hainbat modutan gozatu ahal izateko. Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal aktoreak
Erradikalak gara ikuskizunarekin emango diote hasiera bertso aroari. Nido tabernan ariko dira 20:00etatik aurrera.
Hurrengo bi asteetarako egitaraua ere aurkeztu dute. Horrela, hilaren 22an Jon Maiaren
Berriak jaio ginen liburuaren aurkezpena eta solasaldia egingo dute Herrerako Kirol Elkartean, 12:30ean. Ondoren bertso bazkaria egingo dute Maiarekin eta Amets Arzallusekin. Gai jartzaile lanetan Manex Ralla ariko da. Bazkariko txartelak salgai egongo dira Elizondo, Nido, Anaiak eta Labroan.
Apirilaren 26an, berriz,
Ez da kasualitatea bertso saio musikatua eskainiko dute Maddalen Arzallus, Onintza Enbeita, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bertsolariek. Amaia Agirre izango da gai jartzailea eta Gari Otamendi eta Araitz Bizkai musikariek osatuko dute saioa. Tomasene kultur etxean izango da 20:00etan.
Azkenik, hilaren 23tik 28ra,
Zeihar soak erakusketa egongo da ikusgai Titika Rekalteren eskutik, Tomasene kultur etxean. 17:30etik 20:00etara bisitatu ahal izango da egun horietan. Erakusketak eguneroko bizitzak uzten dituen arrastoetan oinarritutako makro argazki izango ditu, Sustrai Colinak idatzitako testuekin batera.