Iazko jaian lagun mordoa elkartu ziren. (Argazkia: Rekalde taberna)
Parte Zaharreko Rekalde tabernak plan berezia antolatu du iganderako: Rekaldetarron festa. Urtero bezala urtebetetze jaia egingo dute, baina, iaz bezala, tabernatik kanpo egingo dute ospakizuna. “Beti esaten dugu gure urteurrena nahi dugunean ospatzen dugula”, dio Agus Rodriguez tabernako arduradunak. Kutsu berezia izango du aurtengo jaiak, Aldamar kaleko eraikinetik joan beharko duelako tabernak lehenago edo beranduago: “Gure azken jaia izan daiteke, eta Parte Zaharrean gertatzen ari dena ikusarazi nahi dugu”.
Edonola, lagunartean eta tabernan inoiz emanaldiren bat eman dutenekin, jai ederra egitea espero dute aurtengoan ere.
EGITARAUA
- 11:00. Txokolate jatea, Rekalden.
- 11:30. Kalejira, Rekaldetik Guardetxera.
- 12:30etik aurrera, Guardetxean:
- Euskal dantzak, Axuri Beltza taldearen eskutik.
- Jolasak.
- Txan Magoa.
- Poesia Zaldi Urdinako Lagunen eskutik.
- Bazkaria. Taberna eta janari zerbitzua eskainiko dute, baina bakoitzak bere bazkaria eramatea gomendatu dute.
- Bertso-saio morea. Bertsolariak: Izarne Zelaia, Itxaso Piker, Eli Pagola, Miren Artetxea. Gai-jartzaileak: Denele Sarriugarte eta Kattalin Miner.
- Auzotarren Deia. Hitza hartuko dute hainbat mugimendutako ordezkariek: Guardetxea, Parte Zaharreko Aisialdi Taldekoa…
- Kontzertuak: Tacumah, Kezka eta Txemak taldeen kontzertuak. Ondoren, musika saio irekia.