Josu Esnali azken agurra

Esnal Beñat Gaztelumendiri sari bat ematen, 2001. urtean. (Argazkia: @irutxulo)

Esnal, Beñat Gaztelumendiri sari bat ematen, 2001. urtean. (Argazkia: @irutxulo)


Josu Esnal Arrizabalaga euskaltzale donostiarra hil zen asteartean, 52 urte zituela. Euskararen eta herri mugimenduen alde lan asko egindakoa da.

Josu Esnal Arrizabalaga 1966ko neguan jaio zen Donostian. Bere lehen urteak Herreran eman zituen arren, bizitzako zati handiena Bergara kalean pasa zuen, gurasoekin eta bere bost anaiekin. Hiriko hainbat auzotan bizi izan zen, baina denbora gehien Parte Zaharrean pasa zuela baieztatu du bere lagun eta auzoko militantzia-kide Jonpa Albisu Arregik. Amaran bizitzen egon zen denbora batez, eta azken urteetan Aietera aldatu zen. Donostiatik kanpo ere bizi izan zen, Iturengo Aurtitzen,  eta bertako aterpetxean egin zuen lan.

Herri Ametsa Ikastolan ikasi, zuen eta lanbide ezberdinak izan zituen arren, komertzial lanetan ibili zen gehienbat. «ETBko artxiboan hasi zen, eta hortik aurrera hainbat enpresatako komertziala izan zen», esan Albisuk. Enpresa horien artean Herri Irratia, Euskadi Irratia, eta Garen enpresarien elkartea daude. Sagardo Gorenak taldearentzat ere lan egin zuen, komunikazioa kudeatzen.

Euskalzale amorratua
«Lanean bezala, militantzian ere denetatik egin zuen”, dio Albisuk. Batez ere euskalgintzan eta kulturgintzan ibili zen. Parte Zaharreko Arrano elkartean hasi zuen bere jarduna, zuzendaritza zaharra erretiratu zenean. Elkarteko lehendakaria eta sotozaina izan zen denbora luzez eta kide batzuekin batera, Arranoko danborrada sortu zuen 80ko hamarkadaren erdialdean. «Gogoratzen dut nola hasi ziren, lau lata eta bost musikarirekin», dio Albisuk, irribarretsu. Lan handia egin zuen Parte Zaharreko herri-aldarrikapenak aurrera eramateko, haien artean, Euskal Jaia berreskuratzeko, Inaxio Agirre eta beste zenbait auzotarrekin batera. Euskal kulturaren sustapenean ere gogotsu ibili zen ere, Santa Ageda eguna antolatzen, adibidez.

Gaur egun Arrano Elkartea dagoen lokalean, sagardotegia zegoen 1860 urte inguruan, paretan zintzilikatuta dagoen argazki batean ikus daitekeenez. Ba Esnalek eta beste kide batzuek argazki horren erreprodukzioa egin zuten duela gutxi: «Argazkikoak bezala jantzi ginen eta Josu ere festa antolatzen ibili zen», gogoratu du Parte Zaharrekoak.

Auzotik kanpo ere euskararen inguruko egitasmo ugaritan hartu zuen parte. Esaterako, AEK-k eta Argiak antolatutako proiektu eta dinamiketan, Euskararen Kultur Batzordeen sorreran eta koordinazioan, eta Euskal Herriko hainbat futbol zelaietan egin zen Euskarari Bai egitasmoan.

Aieten ere aktibo
Esnal Aieten bizi izan zen azken urteetan, eta bertan ere utzi zuen bere arrastoa. Bere alboan urte ugari pasa zituen Juanpe Sansinenea Iriarte aietearrak. Esnalek euskara sustatzeko zuen gogoa eta egin zituen saiakera etengabeak nabarmendu ditu. «Ahalmen handia zuen egiten zituen jarduera guztietan euskararen aldarrikapena txertatzeko», esan du Aietekoak.

Otxanda plaza inguruan bizi zen, eta bertan topatu ohi zen kultur ekitaldiak antolatzen dituzten beste hainbat bizilagunekin. Alboko tabernekin hitz egin eta gero, 2014ean binakako marmitako lehiaketa antolatu zuen. Hainbat urtez egin zen, eta lehiaketaz gain, kultur jarduerak ere antolatzen zituzten. Esaterako, umeentzat jolasak, euskal taldeen musika emanaldiak, sagardo-dastaketak, mus txapelketa eta abar.
Behin Gaztaina Eguna antolatu zuen, Bera-Bera baserrikoekin harremanetan jarri, eta bertan zeukaten danbolin zahar bat lortu eta gero. «Bera-Bera baserrikoak zaharberritzaileak dira, eta gaztainak egiteko piezaren inguruan festa bat antolatu zuen negu batean». Auzokoentzat Artikutzara irteerak ere antolatu zituen, eta azken urteetan Gure Esku Dago dinamikan parte-hartzen zuenez, bertso-bazkaria antolatu zuen Aieteko Topalekuan egitasmoa sustatzeko asmoz.

Langile fina eta metodikoa
«Oso saltseroa zen, eta gauza guztietan ibiltzeko prestutasuna azaltzen zuen beti», adierazi du Albisuk. Jarduera asko antolatzen ibiltzen zen aldi berean, baina oso metodikoa eta zuzena zen lan egiterako orduan. Sansineneak «koordinatzaile sena» zuela baieztatu du. «Parrandazaletzat eta itsasoaren maitale sutsutzat» du Albisuk. Igeriketa zen bere jarduera gustukoenetako bat, eta azken hilabeteetan ia egunero joaten zen Kontxako badiara igeri egitera. Aieten bizi zen urteetan Ondarretara jaitsi eta irlara joaten zela gogoratzen du Albisuk: «hondartzatik igerian atera, irlara iristean pote bat hartu, eta itzuli egiten zen». Antiguan ere ezaguna eta maitatua zen.

Herrigintzan izan zuen inplikazioaren ondorioz pertsona estimatua eta ezaguna izan zen toki eta esparru askotan, «ez bakarrik komertziala zelako, bere aktibismoa eta konpromisoagatik baizik», dio Parte Zaharrekoak. Sansineneak dioenez, gozogile eta okin artisauen elkarte baten sorreran murgilduta zebilen azken denboran, eta «gogotsu eta pozik» ikusten zitzaiola baieztatu dute bi lagunek. «Oso tipo maitatua izan da eta faltan botako dugu», baieztatu du Albisuk.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend