Gaur hasiko da Glad Is The Day jaialdia
Gaur gauean Dabadaba eta Le Bukowski aretoetan egongo diren DJ saioek emango diote hasiera aurtengo Glad is the Day jaialdiari. Der DJ eta Huntleys & Palmers DJ egongo dira Dabadaban –doan 01:00ak arte eta 11/15 euro ondoren– eta Sum$hee DJ eta Blami DJ Le Bukowskin doan. Baina bihar Egiako parkean egongo diren kontzertu eta DJ saioentzako beroketa baino ez da izango hori, hogei musika emanaldi egongo baitira bertan. Guztira, 30 emanaldi egongo dira aurtengo jaialdian.
Goizeko hamabitan hasiko dira bihar Egiako parkeko kontzertuak eta bi gune egongo dira bertan: Agertoki nagusia, non, zuzeneko kontzertuak egongo diren, eta DJ saioak izango dituen Ruina Sonica gunea, biak doan. Raitx eta Koban taldeek joko dute goizean agertoki nagusian, Ruina Sonican Syr eta Atraco Negrata DJ-en saioak egongo diren bitartean.
Ondoren, Sara Mansillaren, Txarkeyren eta Javier Sunen kontzertuek girotuko dute bazkalordua alde batetik, eta Gorpuzkings, Hakima Flissi eta Sara N’Donga DJ-ek bestetik. Bazkalostean, Rukula taldearen kontzertua eta D’Valentina DJ-aren saioa ikusi ahal izango dira.
Arratsaldean, hiru kontzertu eta beste hiru DJ saio egongo dira Egiako parkean. Kontzertuei dagokienez, Los Mirlos, Melenas eta Mujeres taldeek joko dute, ordena horretan. Aldi berean, Pedro Ladroga, Sara N’Donga B2B Flaca eta Dinamarca DJ-ak egongo dira Ruina Sonican.
Iluntzerako geratuko dira, Esteban y Manuel bikotearen kontzertua eta Atodamadre DJ-aren saioa. Horien ondoren, gaua luzatu nahi dutenek, Dabadaban Landerground, Mkol, Frances Be eta Rayo Verde DJ-en musika izango dute, eta Etxeko Uzta DJ-ena Le Bukowskin, biak doako sarrerarekin. Ordutegi zehatza jakiteko, kontsultatu Donostia Klubaren webgunea.



