Xabier Berridi, Marian Zarraonandia eta Xabier Otaegi auzotarrak, festaren kartelarekin. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Amara Berriko Gobernu Zibilaren eraikina kultur etxe bihurtzeko taldeak festa bat egingo du bihar. Arratsaldetik aurrera kultur egitarau zabala egongo da Usandizaga Institutu aurreko plazan.
Auzotarren babesa eskertu eta aldarrikapena azpimarratzeko Gobernu Zibila kultur etxe festa egingo dute, bihar arratsaldean. Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzaren eraikina kultur etxe bihurtzeko taldeak antolatu du jaia. 18:00etatik aurrera hainbat kultur jarduera egongo dira Aitzol parkean, Usandizaga institutuaren aurrean.
«Jaiarekin eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte lagundu diguten guztiei», dio Xabier Berridi Amara Berriko auzo elkarteko kidea. Festaren bidez, beharra azaldu eta egitasmoaren aldeko jende gehiago batu nahi dute. «Kultur etxea, auzoko kolore eta egitasmo guztien agertoki izatea nahi dugu».
Egitarau zabala prestatu dute Amarakoen laguntzarekin: Gora Kale Txiki txaranga; Goratzar Abesbatza; Iker Beñaran, Pelax, Gartxot eta Olatz Salvador abeslariak; Beñat Gaztelumendi eta Itsaso Piquer bertsolariak; eta La Antonia, Floripa, Ups! eta Horse pailazoak. Horrez gain, Unai Gabilondo artista gonbidatuak performance bat egingo du plazan bertan.
Amara auzoaren historia eta bilakaera jasotzen duen erakusketa bat ikusi ahal izango bihar arratsaldean. Juantxo Egañak prestatu du Amara XX. mendearen hastapenean erakusketa. «Kutxa batzuk jarriko ditu plazan, eta bere argazkien bidez osatuko du auzoaren ibilbide historikoa», azaldu du Berridik.
Hilabeteetako lanketa
Maiatza bukaeran elkartu ziren hainbat auzotar Donostiako Udalaren eskaera zaharra herritarren parte hartzearen bidez aurrera eramateko. Azken hilabeteetan informazio mahaiak jarri dituzte auzoan eta auzotarren sinadurak biltzen ari dira. «Dagoeneko 1.200 baino gehiago ditugu. Kalean ez ezik, ikastetxeetan ere sinadurak jaso ditugu. Auzo elkarteek ere beraien babesa eman digute», dio Berridik.
Uztailean udal talde guztiekin elkartu ziren eta guztien babesa jaso zuten. «Denak ados daude gure eskaerarekin, baita PP ere. Baina zaila dela diote». Espainiako Gobernu aldaketa dela eta, sozialistek zerbait gehiago egin dezaketela uste du Berridik: «PSE-EEk azken hauteskundeetako programan zeraman Gobernu Zibilaren eraikinean kultur etxe bat jartzea. Orain dute aukera».
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetza dago gaur egun Pio XII.aren kaleko eraikinean. Ez da eskaintzen duen zerbitzu bakarra, baina bertan lan egiten duten funtzionarioak Espainiak dituen hiriko beste eraikin batzuetara eraman ditzaketela uste du Berridik. «Guillermo Etxenike da Espainiako Gipuzkoako ordezkariorde berria, eta aurrekoa bezala, ez dirudi prest eraikina udalaren esku uzteko».
Biharko festaren ondoren, sinadura gehiago jaso eta agintariengana joko dute: «Udalera eramango ditugu, eta Eneko Goia alkateari bilera bat egiteko eskatuko diogu. Era berean, Etxenikerekin hitz egiteko asmoa dugu». Bitartean, auzoaren babesa lantzen eta indartzen jarraituko dute.