Pilar Arana: “Kexak baino gehiago, hirian dauden ibilgailu berri horien inguruko informazio eskaerak jaso ditugu”

pilar_arana

Pilar Arana Mugikortasun zinegotzia. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Pilar Arana; Mugikortasun zinegotzia

Zenbat patinete elektriko daude gaur egun hirian?

Une honetan ez dugu horren inguruko daturik.

Kexak ugaritu dira, ibilgailu horiek bidegorri eta espaloiak erabiltzen dituztelako. Zuei ere kexak iritsi zaizkizue?

Kexak baino gehiago, hirian dauden ibilgailu berri horien inguruko informazio eskaerak jaso ditugu herritarren partetik. Arduratuta daude gailu horien zehaztugabetasunarengatik.

Ibilgailu horien erabilera arautzeko ordenantzarik ez dago. Beraz, zerk arautzen ditu ibilgailu horiek?

Ez dago ibilgailu horien inguruko araudi garbirik. Espainiako Trafiko Zuzendaritzak instrukzio bat dauka. Ibilgailuen sailkapen txiki bat egiten da bertan. A taldean daude patinete, monoziklo eta hoverboard elektrikoak. B taldean, berriz, segway ibilgailuak eta eserlekua duten patinete elektrikoak. Horrekin batera udalen esku uzten du hiriguneetan nondik mugi daitezkeen erabakitzea.

2006ko da Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulaziorako Udal Ordenantza. Mugikortasun Sailak eguneratzeko asmoa du?

Bai, hori da asmoa eta horretan ari gara.

Patinete elektriko eta motor txikien erabilera arautzeko proposamenik duzue? Nondik ibili ahal izango dira?

Laburbilduz, gure proposamena hemendik joango da: motorrik gabekoak espaloitik joan ahal izango dira trafiko araudiaren arabera. Motordun ibilgailuak, berriz, bi taldetan sailkatuko dira. A taldekoak bidegorrian edo 30 guneetan ibili ahal izango dira, eta B taldekoak 30 guneetan soilik.

Ordenantza berritu bitartean, udaletik ibilgailu horien erabilera arautzeko asmorik duzue? Adibidez, udaltzaingoari eskatu zirkulazio egokia ahalbidetzea?

Ordenantza berritu bitartean, bere bigarren xedapen gehigarrian jasotzen den prozedura erabiltzeko asmoa dugu, aurrerago esandakoa abian jarri ahal izateko. Bigarren xedapen gehigarriaren arabera, zirkulatzen hasten diren ibilgailu mota berriek Donostiako udalerrian zirkulatu eta aparkatzeko bete beharreko baldintzak Gobernu Batzarraren ebazpenez ezarriko dira. Ibilgailu berri horien ezarpena errealitatea denean eta hiriko trafikoan iraunkortasunez parte hartzen dutela egiaztatu eta gero, Oinezko eta Ibilgailuen Zirkulazioa Arautzeko Ordenantza aldatzea sustatuko da.

Hiri barruan mugitzeko modua aldatzen ari da. Autoa, garraio publikoa eta bizikleta dira ibilgailu erabilienak. Azken urtean, ordea, patinete elektrikoak eta antzekoak ugaritu dira.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend