(Argazkia: Iñaki Agirre)
Iametza eta Ametzagaiña taldeek Euskarabildua jardunaldia?antolatu?dute urrian, zazpigarren?urtez. Euskara?eta?teknologia?berriak elkartzea?helburu?duen?jardunaldi?dibulgatzaileak gobernu?irekia izan?du?aurten?gai?nagusitzat. Iametzako?Xalba Ramirezek?(Donostia, 1990) ekitaldiaren?nondik?norakoak?azaldu ditu.
Zer moduz joan zen jardunaldia?
Oso ondo. Aurreko urteetan oso gai interesgarriak jorratu ditugu, baina nolabait gure egunerokotasunean praktikan jarri genitzakeen ideiak lantzea falta zitzaigun. Aurten horretara bideratu ditugu gure ahaleginak, gure jardunean eragin zuzena izan dezaten.
Aurtengo gaia gobernu irekietarako teknologiak izan dira.
Hitzak era oso merkean erabiltzen ditugu askotan, eta bere zentzua difuminatu egiten da. Gobernu irekia, parte-hartzea eta horrelako hitzak modu orokor eta erabatekoan erabili ohi dira. Gobernu irekiaz ari garenean, adibidez, badirudi gardentasun atari bat sortzearekin praktika gardenak gauzatzen ari garela. Eta hori ez da horrela.
Jardunaldian gobernu irekiaz hitz egin dugunean, gardentasunaz gain, kooperazioaz eta parte-hartzeaz hitz egin dugu ere.
Teknologia berriek gobernu irekiagoak eraikitzen lagundu dezakete?
Software askearen garrantzia azpimarratu dugu. Hackerren filosofian printzipio oso interesgarri bat dago: munduan ez litzatekeela arazo berdina bi aldiz konpondu beharko. Hau da, norbaitek irtenbide bat topatu badio, ez dugu denbora galdu behar hori berriro konpontzen. Ezagutzak partekatu behar ditugu, eta oinarri hori politikara eramatea da ideia.
Eta euskarari dagokionez?
Euskaldunok ditugun hizkuntza teknologien inguruko hausnarketa egin genuen: transkripzioak egiteko balio dutenak, itzultzaileak, ahots errekonozimendurako tresnak… Atera genituen ondorioetako bat da euskara horren hizkuntza txikia izanda zentzurik ez duela euskaldunentzako bakarrik balioko duten teknologiak garatzea, hiztunen kopuruagatik errentagarria izango ez litzatekeelako, eta adibidez Googlek eskaintzen dituen zerbitzuekin lehiatzea ezinezkoa izango luketelako.
Software askeak, ordea, aukera onak eskaini diezazkiguke. Adibidez, Mozilla Fundazioa
Common Voice izeneko programa hasi da garatzen, Googlek ahozko transkripzioetarako egin zuen programaren bertsio librea, alegia. Milaka bolondresen bitartez modu kolaboratiboan ahots transkripzioen datu bat osatzea du helburu. Euskaldun gisa, gure ahaleginak hor integratu ditzakegu, tresna hori guretzat baliatzen dugu eta proiektua garatzen laguntzeko.
Google translate sortu zenean, ez zuen orain bezain ondo funtzionatzen. Jendearen erabilerak lagundu du zerbitzua fintzen. Software libreak logika berdina jarraitzen du. Gero eta jende gehiagok erabiltzen badu, tresna askoz eraginkorragoa bilakatuko da. Eta estatuak baino handiagoa bilakatu den enpresa pribatu bat indartu ordez, irekia eta denon onerako izango den proiektua sustatuko dugu.
Teknologiaren arloan herritarren burujabetza sustatu behar da.
Xabier Barandiaranek horren inguruko hitzaldi interesgarria eskaini zuen jardunaldian. Gaur egun denok erabiltzen ditugu teknologia berriak, eta horien inguruan gizarte bezala hartzen ditugun erabakietan denok hartu behar dugu parte.
Horretarako ezinbestekoa da herritarrak gaiaren inguruan informatuak egotea. 2006an munduko bost enpresa handienen artean teknologikoa zen bakarra zegoen: Microsoft. Gaur egun, berriz, enpresa horrek Google, Amazon, Apple eta Facebookekin batera partekatzen du rankinga. Korporazio hauek lehen estatuek eskaintzen zituzten zerbitzuak ordezkatzen ari dira. Adibidez, turismoan. Lehen turismo bulegoan jasotzen genuen bisitatzen ari ginen hiriaren mapa. Orain, berriz, Google Maps erabiltzen dugu guztiok horretarako.
Gure bizimodu honetan ezinbestekoak diren zerbitzuak enpresa pribatuen eskuetan utzi ditugu, eta biltzen duten informazioarekin gero eta indartsuagoak bilakatzen ari dira. Alternatibak badaude, ordea. Adibidez, Google Maps erabili ordez Open Street Map erabili dezakegu, besteak bezain ondo funtzionatzen duen proiektu ireki bat.
Alemanian software askean oinarritutako beste programa bat erabiliko dute estatuko 300.000 funtzionarioek. NextCloud programa erabiliko dute, Google Drive ordezkatu eta euren datuak hobeto babesteko..
Badirudi datuak XXI. Mendeko petrolioa bilakatu direla.
Datuak beti izan dira baliotsuak, baina orain gure inguruko guztia
datifikatzearen garrantziaz jabetu gara. Mugikorren bitartez etengabe ari gara datuak sortzen. Lehen informazio hori lortzeko modurik ez zegoen, eta hori da aldatu den gauza bakarra. Herri baten mapa egiten zuenak herri hura konkistatu edo kontrolatzeko asmoa zuela esaten zen lehen. Ba kontua da orain munduko mapa Googlek duela.
Gure datuak gehiago babestu beharko genituzke?
Behintzat egoeraz jabetzen hasi beharko ginateke. Google izeneko munstro bat sortzen ari gara, eta ez da bakarra. Hala ere, babestea baino, sortzen ditugun datu hori guztiak modu positibo batean erabiltzea garrantzitsuagoa iruditzen zait. gure bizitzak erraztu egin ditzaketelako. Baina, gai konplexua dela iruditzen zait, gure bizitzak erraztu ditzaketelako. Baina, gai konplexua dela iruditzen zait, norbanakoaren eskubideak ezbaian jartzen direlako ere.
Edozein kasutan, herritarrengan baino, pisua erakunde publikoetan jarri beharko litzatekeela uste dut. Datuekiko ere, estatuak subiranoak izan behar dira.
Eta bildutako datuak herritarrekin partekatu beharko lituzkete.
Euskal Herriko erakundeek datu asko zabaltzen dituzte, baina, kasu gehienetan, oraindik interesatzen zaizkien datuak soilik argitaratzen dituzte. Gardentasun ariketak integrala izan behar du, ordea. Herritarren parte-hartzea eta kooperazioa sustatzea falta zaie oraindik, euren galdera eta iritziak politikarien jardunean presente egon daitezen, eta benetako eztabaida bat sortu dadin.