(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Lau urteko ibilbidean izandako erronka nagusienetako bati egingo dio aurre Gure Esku Dagok igandean: Donostia herri galdeketa jasoko duen lehen euskal hiriburua bilakatzea, alegia. Gertatzen dena gertatzen dela, helburua lortu dutela diote antolatzaileek, galdetzea posible dela erakutsi dutelako.
Unea iritsi da. Igandean Donostia euskal herritarren etorkizunaren inguruko galdeketa jasoko duen lehen hiriburua bilakatuko da, hurrengo galdera erantzunez: “Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?”. 160.000 dira egun horretan bozkatzera deituta dauden donostiarrak, eta Irun, Zalla, Balmaseda eta Alonsotegiko herritarrekin batera emango dute iritzia. Urtebeteko prozesuari itxiera emanez, Gure Esku Dago plataformatik jaiotako Donostia Galdeketa taldeak bere helburua beteko du egun horretan: euskal herritarrek euren etorkizunaren inguruan erabakitzea posible dela erakustea.
“Guri dagokigu gure etorkizuna erabakitzea, ez Madrili ezta Parisi ere. Jendeak hori ulertu du, baina ez du sinesten utziko digutenik. Horregatik da hain baliagarria igandeko galdeketa”. Hitz horiekin azpimarratu du Dani Goñik, Donostia Galdeketako kideak, azaroaren 18ko galdeketaren garrantzia. Zentzu horretan, euskal herritarrak beste hainbatetan euren eskubideak beraien kabuz bermatzeko gai izan direla azpimarratu du Ibon Rosales taldekideak: “Ikastolak horren adibide dira. Euskaraz ikasteko eskubidea ukatu zigutenean gure bide propioa eraiki genuen. Guk bide hori jarraitzea bilatu dugu orain”.
Erronka ez zen txikia eta orain arteko ibilbidean zailtasun ugari izan dituzte. 2016tik, erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak 206 herritan antolatu ditu galdeketak, baina euskal hiriburu batean hautetsontziak jartzeak antolamendu maila pauso bat harago eramatea eskatzen zuen. Iazko azaroan galdeketa antolatzeaz arduratuko zen taldea aurkeztu zenetik, ilusioz eta zalantzaz beteriko prozesuak etapa ugari bizi ditu. Laburbilduz, ibilbidea “nahiko gorabeheratsua” izan dela nabarmendu dute taldekideek.
Galdeketa egin ahal izateko udalak eskatzen zituen 8.000 sinadurak biltzea izan zen lehenengo erronka, eta gauzak ez ziren batere ondo hasi. Lehenengo egunean 400 sinadura lortu bazituzten ere, hortik aurrera bilketa prozesua hozten joan zen pixkanaka, eta apirilerako finkatu zuten zifra lortzea oso zail izango zutela ikusita, antolatzaileak egitasmoa bertan behera uztea planteatzera iritsi ziren. Azken hilabeteetan, ordea, babes kopuruak hazkunde nabarmena izan zuen bat-batean, eta 9.500 sinadura baino gehiago aurkeztu ahal izan zituzten azkenean.
Froga hori gaindituta, Gure Esku Dagok nazio mailan deituriko giza katea iritsi zen ekainean, eta horrek galdeketaren antolakuntza moteldu bazuen ere, “herritarrengan ilusioa berpizteko” balio zuela uste dute taldeko kideek. Galdera, ordea, erabaki gabe zuten oraindik, eta zein izango zen zehazteko helburuarekin Adosgunea izeneko taldea osatu zuten hilabete horretan. Gainerako herri galdeketetan erabilitako galdera errepikatuenak proposamen gisa bilduta, herritarrei gustukoen zutena bozkatzeko aukera eman zieten, auzoetako jaietan jarritako kutxekin eta Irutxuloko Hitzaren webgunearen bitartez.
Ehunka herritarrek eman zuten iritzia, eta behin galdera adostuta, osagai bakarra falta zen galdeketarako: hautetsontziak. Bozketarako hiru asteren faltan, kutxen aurkezpen ekitaldia berezia izan zedila nahi zuten galdeketaren antolatzaileek. Gauzak horrela, Parte Zaharrean zehar eginiko kalejira eta Aquariumeko aurkezpen ofiziala uztartuz, nolabaiteko garaipen sentsazioa islatu zuen agerraldia egin zuten kaian urria amaieran, herritar eta hedabideen aurrean.
Ez da bide erraza izan
Galdeketa aurrera atera ahal izateko hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte Donostia Galdeketako kideek. Besteak beste, hirien «inpertsonaltasuna» eta Donostian ematen diren ekitaldien ugaritasuna nabarmendu ditu Goñik eragozpen gisa. Izan ere, horien ondorioz, Donostian zentralitatea lortzea gainontzeko herrietan baino zailagoa izan dutela adierazi du: “Horrek hoztasuna eragin du, herritarren pultsua ez duzulako sentitzen”.
Maite Salaberria taldekideak jende gaztea prozesutik kanpo egon dela nabarmendu du, horren atzean dagoen arrazoia zein den garbi izan gabe: “Egungo bizitza erritmoa oso azkarra da, eta gure planteamendua urte osokoa izateak eragina izan du agian. Nork daki?”. Hala ere, galdeketaren data hurbildu ahala, gero eta gazte gehiagok laguntza eskaini dietela azpimarratu du.
Ordea, jasan duten oztopo nagusia erronkak berak sorrarazten zien beldurra izan dela adierazi du Rosalesek: “Hau guztia ezezaguna zen guretzat, ez genekien non sartzen ari ginen, eta gure buruari kapazak ginela sinetsaraztea ez da erraza izan”. Hain zuzen, Donostiako galdeketarekin batera, Gure Esku Dagok Gasteizen beste bozketa bat egitea pentsatu zuen, baina asmo hori bertan behera geratu zen indar faltarengatik. Horregatik, eta gainditutako zailtasunak ikusita, “harro” sentitzeko arrazoirik ez zaie falta Donostia Galdeketako kideei.
Auzoak oinarri
Galdeketaren antolaketa prozesua auzoko taldeetan oinarritu da bere hastapenetatik. Izan ere, Gure Esku Dagok 2014an egindako giza kateari begira osatutako taldeak baliatuz ekin zioten egitasmo berrirari. Geroztik, auzotarrak izan dira guztia aurrera ateratzeko beharrezkoak ziren helburu eta baliabideak lortzeaz arduratu direnak: asteburuero sinadurak biltzea, dirua jarri eta eskatzea, Adosgunearen galdeketa auzoetara eramatea, bozketarako 88.000 gutun-azal hiriko postontzietan banatzea…
Azken asteetan, herritarren prestutasun hori oso agerian geratu da iganderako beharrezkoak diren boluntarioak lortzeko deialdiarekin. Berme guztiak beteko dituen galdeketa ziurtatzeko, igandean 1.000 pertsona beharko dituela aurreikusi zuen antolakuntzak, eta herritarrek, beste behin, behar bezala erantzun dute masiboki izena ematen. Gainera, atzerriko laguntza ere jasoko dutela jakinarazi dute Donostia Galdeketako kideek. Hain zuzen, Eskozia, Espainia eta Kataluniako begirale eta pertsona erreferenteak etorriko dira, besteak beste.