Deia zabaldu du Arantzazuko Ama ikastolak, 50. urteurrena ospatzeko
Arantzazuko Ama ikastolak 50 urte beteko ditu 2019an. Hori dela eta, deia zabaldu diete oraingo eta lehengo ikasle, guraso, irakasle eta langileei, 50. urteurrena nola ospatu erabakitzeko. Lehenengo bilera egingo dute datorren azaroaren 26an, 17:00etan, eta han adostuko dute zer nolako ospakizuna egin nahi duten, eta antolaketari ekingo diote.
Antolaketan parte hartu nahi duen norbaitek ezin badu bilerara joan, harremanetan jar daiteke 50. Urteurreneko Batzordearekin, posta elektroniko bidez: 50.urteurrenekojaia@arantzazukoama.com.
Ikastolak urte askoan izan zituen Loiola, Txomin Enea, Martutene eta Astigarragako ikasleak, bereziki. Martutenen izan zituen egoitza egonkorrenak ikastolak, baina Astigarraga herri bilakatu eta hazten joan zen heinean, ordea, herrian eraikin bat egin zuten, eta txiki geratzen joan zitzaien eraikin hura. Azkenean, hainbat arrazoi tarteko, ikastola bitan banatzea erabaki zuten. Martutenen utzi zuten betiko Arantzazuko Ama ikastola, eta Astigarrakoak bide berri bat hasi zuen, Astigarragako Herri Eskola izenarekin. 2014-2015 ikasturtean egin zuten banaketa; horregatik, 2014an, urteurren jaia egin zuten, agur gisa.