Aitor Bizirik plataformako kideak, Bulebarrean egindako prentsaurrekoan. (Argazkia: Hitza)
Aitor Zabaleta realzale donostiarra hil zutenetik 20 urte beteko dira aurtengo abenduan. Urtemugaren harira, Aitor Bizirik plataforma jarduera bereziak prestatzen ari da. Besteak beste, martxa bat egingo dute. Abenduaren 9an Realak Valladoliden aurka jokatuko du Anoetan, 18:30ean, eta aurretik, manifestazio batean parte hartzeko deia egin dute. Bulebarretik abiatuko da 16:30ean, eta helburua da duela hogei urte Aitor Zabaletaren hilketa salatzeko egin zen manifestazio jendetsu hura errepikatzea. Realzale eta euskal herritar guztiak deitu dituzte martxan parte hartzera: “Animatzen ditugu bere oroimena bizirik mantentzera eta bere oroimena zikindu nahi duten ekitaldiak salatzera”.
1998ko abenduaren 8an, Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFAko partidaren aurretik hil zuten Zabaleta. Erasoa Vicente Calderon estadiotik gertu izan zen, faxista talde bat oldartu zitzaionean. Zabaleta ultra taldeak inguratu zuen, haur bat babestu eta gero bikotekidearengana zihoala, eta horietako batek labankada bat eman zion bihotzean. Hurrengo egunean hil zen, Madrilgo La Concepcion ospitalean.