Alderdi Ederreko noria Urbieta kaletik ikusita. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Donostiako erdialdea gabonetako apaingarri erraldoiez beterik agertu da egun batetik bestera. Ramon Labayen plazak hamar metro inguruko gabonetako zuhaitza estreinatu du aurten, eta azkenengo bi urtetan Alderdi Ederren kokatu duten bola argidunari tamaina handiko noria bat batu zaio ere.
Ibaiaren beste aldean, berriz, 30 etxola eta karpa bat ipini dituzte gabonetako azokarako, Urumea pasealeku hasieran kokatu duten umeentzako atrakzioarekin batera. Horrez gain, Artzain Onaren atzealdeko Urdaneta kalean artisau postuak jarri dituzte, eta Santa Katalina eta Maria Cristina zubiak apaingarriz beteta agertu dira. Azokak larunbatean irekiko dituzte, eta errege egunera bitarte egongo dira zabalik.
Udalak apaingarriei eta azokari buruz hitz egiteko agerraldia egingo du bihar, baina momentuz, EH Bilduk Alderdi Ederren kokaturiko noriak “gehiegizko kostua eta kalteak” eragin dituela adierazi du. Hain zuzen, atrakzioak 50.000 euroko kostua izan du, eta bere muntaketak Alderdi Ederreko lurrean eta aparkalekuan pitzadurak eragin dituela salatu dute alderditik.
Maria Cristina zubiaren ondoan ipini duten atrakzioa. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Ramon Labayen plazako zuhaitza. (Argazkia: Nerea Lizarralde)