Kote Cabezudok erasotako pertsonei babesik eman ez izana leporatu dio EH Bilduk Udal Gobernuari
Udal batzordean, Naiara Sampedro EH Bilduko zinegotziak interpelazio bat egin dio Duñike Agirrezabalaga Berdintasun zinegotziari, Kote Cabezudok erasotako pertsonei udalak “babesik eman ez diela” leporatuz.
Argazkilari donostiarrak erasotako emakumeei babesa erakusteko adierazpen publikoa egin zuen udalak ekainean, kasua ezagutarazi eta biktimen eta justiziaren eskura bere baliabideak jarriko zituela azpimarratuz. Ordea, geroztik igaro diren sei hilabeteetan zehar “Berdintasun zinegotziak ezer egin ez duela” salatu du gaur Sampedrok, “ez kasua ezagutarazteko, ez erasotako pertsonei laguntzeko”.
Agirrezabalagak, aldiz, udal gobernuak ekainean hartutako konpromiso guztiak betetzen ari direla adierazi du. Kote Cabezudok Erasotuontzat Justizia plataformarekin harremanetan jarraitu ez izanari erreferentzia eginez, azken hilabeteotan “Berdintasun sailetik beste informaziorik jaso ez dutela” argudiatu du zinegotziak, Udal Gobernuak “harremanetarako irekia egoten jarraitzen duela” azpimarratuz. Sampedrok, berriz, horrelako erasoen aurrean udalaren ardura biktimengana gerturatzea dela erantzun du, “eta ez beraiei hurbiltzeko eskatzea, jada egoera nahiko latza jasaten dutelako”.