Bikote bat higiezinen agentzia bateko erakusleihoan. (Argazkia: Iñaki Agirre)
Etxebizitzen prezioa nabarmen hazi da. Donostian etxe bat erostea guztiz ezinezkoa da gaur hiritar askorentzat; alokatzea ere oso zaila da, pisu gutxi eta eskari handia dagoelako, eta prezioak asko puztu direlako.
Etxebizitzarena donostiarren kezka nagusienetariko bat da, baina urtez urteko joerek ez diete etorkizun itxaropentsua aurkezten. Alokairuaren prezioa inoiz baino altuagoa izan zen Donostian 2017 urtean, Idealista etxebizitzen salerosketarako eta alokairurako iragarkien webguneak aurkeztutako txostenen arabera, eta egoerak ez du hobera egin 2018an zehar. Etxebizitzen salerosketari dagokionez, hirian metro koadroa batez beste 4.150 euroan dagoela jakinarazi zuen udalaren Etxegintza sailak urte hasieran. Hau da, zifra aurreko urteko batez besteko prezioarekiko %2,5 hazi zen urtarrilerako (Idealistak 2017ari buruz argitaratutako datuak kontuan hartuta).
Hazkunde hori islatzeaz gain, udalak aurkeztutako datuek beste errealitate esanguratsu bat islatu zuten ere: higiezinen prezioaren aldea gero eta handiagoa da auzotik auzora: adibide gisa, hiriko erdiguneko etxebizitza baten metro karratuaren prezioa Altza edo Bidebietako beste batena baino hamar aldiz handiagoa izatera iritsi daiteke.
Egoera horren aurrean, erosten duten bakarrak helduak direla eta gazteei alokairuaren aukera hartzea besterik ez geratzen ez zaiela nabarmentzen dute higiezinen agentzietako langileek.
Abaraska kolektiboko kideen bilera bat.
Alternatibak eraikitzen
Martxoa hasieran, hiriko hainbat gaztek Abaraska kolektiboa sortu zuten etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Donostiako hirigunean modu duin batean bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute bere kideek, eta gaur egungo ereduari buelta emateko asmo irmoa azaldu dute.
Horretarako, etxebizitza kooperatiboaren aldeko apustua egin dute, jabetza kolektiboa, etxebizitza erabilera balioa eta kideen arteko lankidetza ardatz gisa hartuta.
Era berean, eredu inklusibo, jasangarri eta ez espekulatzaile bat sustatzea bilatu dute, kolektiboko kideek azaldu duten moduan, helburu argi eta orokor batekin:?«Etorkizuna eraikitzeko eta irudikatzeko espazioa da Abaraska».
Parte Zaharreko gaztetxea sortu dute
Etxebizitzaren prezio altuenetariko bat eta turistei zuzendutako gero eta espazio gehiago dituen auzoan, bizilagunek auzotarrentzako gunea ireki zuten irailean, Parte Zaharreko Kanpandegi kalean. Auzoko haur eta gazteentzako guneen eskasia urtez urte salatu ostean, herritarrek Kijera gaztetxea sortu zuten Orixeren ikastola zaharrean, auzoari eta auzotar guztiei gune publiko bat eskaintzeko asmoz.
Besteak beste, azaroa amaieran eraikineko lehen solairuan haurgunea estreinatu zuten, astetan zehar auzoko hainbat gurasok txokoaren sorreran lan egin ostean.
Kanpandegi kaleko eraikinaren jabea Donostiako Udala da, haren erabilera eskumena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak duen arren. Gaia jorratu eta egoerari zentzuzko irtenbide bat topatzeko asmoz, Parte Zaharreko gazteek udalarekin biltzeko hainbat eskaera egin dituzte irailetik, inolako erantzunik jaso gabe. Hain zuzen, eraikinaren okupazioari buruz egindako adierazpen bakarrean, Eneko Goia alkateak zehaztu zuen eraikinaren jabetza berreskuratzeko asmoa dutela eta horretarako pausoak ematen ari direla.
Parte Zaharreko gaztetxea. (Argazkia: Inaxio Esnaola)