Errege magoak Donostiara heldu dira eta auzoz auzo bisitatu dituzte herritarrak
Baltasar, Gaspar eta Meltxor Donostiara iritsi dira, eta Miramar Jauregian ehunka herritarrekin egin dute topo goizean. Eguraldi paregabeak lagunduta, Egia, Intxaurrondo, Bidebieta, Martutene, Loiola eta Amaratik ibili dira gero, auzo batetik bestera autoz bidaiatuz.
Ondoren, udaletxera joan dira, Donostiako haurren gutunak jasotzera. 18:00etan, berriz, Bulebarrean egongo dira, bertatik abiatuko den kabalkadan parte hartzeko. Hori dela eta, 17:00etatik 20:00etara bitarte Bulebarra itxita egongo dela jakinarazi du udalak.


