Jon Insausti eta Jose Luis Arrue, EAJko eta PPko udal zinegotziak. (Argazkia: I. Esnaola)
Bi belaunaldi desberdinetakoak izan arren, loturak dituzte Arruek eta Insaustik. Maria San Gilek utzitako lekua betetzeko izendatu zuten udaleko zinegotzi Arrue, 2004an. Garai hartan, PPko Batzar Nagusietako diputatua zen, eta bi lanak uztartu zituen.
Guztira hiru legealdi eman zituen Batzar Nagusietan, eta hirugarrena bukatzean erabaki bat hartu behar izan zuen: «Nik nahiago nuen udalean jarraitu, eta alderdiak ere ikusi zuen nire ekarpena hobea zela». Ordutik, sail ia guztietan aritu da udalean, eta jarraitzea gustatuko litzaioke.
Eneko Goiaren 2015eko kanpainako azken sei hilabeteetan lanean aritu zen Insausti. Goiak berak eskatu zion hauteskundeetako zerrendan sartzeko. Bederatzigarren izena zen berea, eta bederatzi zinegotzi lortu zituen EAJk. «Udaletxean pozik nago, eta esperientzia polita ari da izaten». Iritsi berria izan arren, gustura dago ikasten ari denarekin.
Zuzenbide ikasketak egin zituen Arruek, eta Santander bankuan 25 urte eman zituen lanean. Insausti, aldiz, Enpresa Kudeaketa eta Zuzendaritzan lizentziatua da. Banco Guipuzcoanon egin zuen lan denbora batez. Horra bien arteko lehen lotura.
Doktoretza tesia egiteko nahia aspalditik datorkio Arrueri. Bere garaian ezin izan zuen, eta aukera berreskuratu nahi luke. «Doktoretza tesia egitea gustatuko litzaidake, baina orain ezin dut». Udaleko lanarengatik eta kontu pertsonalak direla eta ezin du. Antzera dabil Insausti ere. Zinegotzi lana uztartzen ari da tesia idazteko, baina oso zaila ari da izaten. Lotura intelektuala ere badute, beraz.
Irakurri Jon Insaustiri eta Jose Luis Arrueri egindako elkarrizketa.