Añorgako erakusketa 'Hormigoia ukituz' bisitatzeko eskatu dute
Eraikuntzan hormigoiari ematen zaizkion molde eta erabilera desberdinak ikusi eta sentitzea nahi dute Museum Cemento Rezolako arduradunek.
Arkitekturaren Astearen baitan eta Italcementi Group enpresaren 125. urteurrenarekin bat eginez, erakusketa berria ireki dute Museum Cemento Rezolan, gaur goizean. Debekatua egoten da normalean museoetan gauzak ukitzea, Añorgako ‘Hormigoia ukituz’ erakusketan, berriz, bisitariek material guztiak ukitzea nahi dute arduradunek. “Hormigoia ukitzean sortzen diren sentipenak garrantzitsuak iruditzen zaizkigu. Hormigoia beste material batekin estalia egon behar zela iruditzen zitzaigun orain arte, baina ukitu egin behar dugu, berarekin adiskidetzeko”, azaldu du Jose Maria Etxarri Cementos Rezolako ohorezko presidenteak.
Zehazki, hormigoia eraikuntzarako material moduan landu dute erakusketan. Azken batean hormigoizko hainbat panel jarri dituzte, Hormigoiaren ukimena XX. mendeko maisuetan izenburupean, testura desberdinen jabe egin dadin bisitaria. Hala, F. LL. Wrighten textile blocks sistema, eta Miguel Fisacen enkofratu malgua topa daitezke. Hormigoiaren ukimena egungo arkitekturan atalean, berriz, Ignacio Quemada arkitektoak egindako eraikin pare bat jarri dituzte adibidetzat. Gainera, Italcementik sortutako hiru lagin jarri dituzte, irazgaitza, gardena eta moldagarria. Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleekin tailer bat antolatu zuten joan den astean. Hala, ikasleek hormigoia landu zuten, Wrightek diseinatutako blokeen bitartez.
Erakusketako komisarioak Fernando Garcia Martinez eta Leticia Garcia Moreno izan dira, Atari kultur elkarteako kideak. Zehazki, bost urte daramatza Atari elkarteak arkitektura publiko ez adituarengana iristarazteko lanean.
Aldi baterako erakusketa 2015eko urtarrilaren 17a arte bisitatzeko aukera egongo da; asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara. Sarrera doakoa izango da.