Olatuek hogei metroko zuloa eragin dute Pasealeku Berrian
2008ko martxoaren 11ko mamu zaharrek, Haizearen Orrazitik hasi eta Zurriolaraino, hiriko kostaldea zeharkatu dute. Hain zuzen ere, olatuek duela bi urte baino txikizio handiagoa eragin dute. Kalteei dagokienez, olatuek hogei metroko zuloa egin dute Pasealeku Berrian, duela bi urte eragindakoa baino askoz ere handiagoa. Horrenbestez, 2008an pasealekua eraberritzeko hiruzpalau hilabete behar izan bazituzten, orain denbora gehiago beharko dutela aurreratu du Ana Rivilla Bide Publikoetako zinegotziak.
Bestalde, Haizearen Orraziak denboraleari ederki eutsi badio ere, granitozko talaia osatzen duten harriak pikutara bidaltzea lortu dute olatuek. Rivillak adierazitakoaren arabera, «500-600 kilo inguruko granitozko harriak bere lekutik atera eta ehun metro urrundu ditu, azukre-koxkorrak bailiran».
Urak ere ez du mugarik topatu Ondarretako aldageletan, Salamanca pasealekuko 13. atarian, ezta Parte Zaharreko beste hainbat garajetan eta lokaletan ere.