Hau gara gu, hau da gure zinema
Zinemaldiak antolatzen duen Euskal Zinemaren Galak hartu zuen atzo Viktoria Eugenia antzokia, emozioz, liluraz eta izarrez betetako gau batean.
Patricia Lopez Arnaiz eta Alberto Gastesi, Euskal Zinemaren Galan.Maddi Viana Txalo zaparrada batek jaso zuen Itziar Aizpuru aktorea oholtza gainean, euri jasa batek Viktoria Eugenia antzokia astindu bailitzan, jaka distiratsu batekin jantzia, hunkituta, urduri. Paradoxa; hainbeste urteren ostean, oraindik ere, Zinemaldiak urtero antolatzen duen Euskal Zinemaren Galaren moduko ekitaldi batek dardarak sortzea; hainbeste urteren ostean, oraindik ere, oholtza bere etxea izan den norbaiti; hainbeste urteren ostean, oraindik ere, zinemaren zirrikitu guztiak jakin eta gozatzen dituen norbaiti.
Begirada atzera botata hunkitu zen Aizpuru, baduelako arrazoi bat indartsua horretarako; euskaraz sortzeko izandako zailtasunak, zineman euskaraz lan egitekoak eta ikusita Viktoria Eugenia bat beteta, ibilbide luzeak dituzten euskal aktoreek betetako besaulki bat bera ere ez hutsik, ibilbide motzagoko aktoreak, zuzendariak, ekoizleak gogotsu istorioak kontatzen jarraitzeko, emozioak zeharkatu zuen getariarra, gurea dena, guretik eta gurekin kontatzen delako; “hemen gauden bitartean, historiak aurrera jarraituko du”. Eta gogotsu dator oraina eta etorkizuna. Gogoz, euria.
Zinema izan zen ardatz, noski, baina indar berezia jarri zitzaion galak iraun zuen ordu eta erdian, euskarari eta zineman emakumeek duten presentziari. Aizpururen une magikoaren ondoren, industriako bi izen handiek hartu zuten hitza eta beraiena izan zen gala aurkezteko ardura: Ane Gabarain eta Miren Gaztañaga irribarretsu batzuk igo ziren oholtzara. Eta berriro, euria.
Eskerrak, irribarreak, ongietorriak. Naturaltasuna eta gogoa, Janus Lesterren begiak eta loreak, hiru ahotsetara. Omenaldi bat, beste ibilbide luze bati. Jose Luis Rebordinosek besaulkien pasarela zeharkatu zuen txalo artean, despedidek ere badutelako lekua emozioetan eta bere hitzek ere izan zuten pisurik, esatean, ez duela euskal zinema inoiz hain osasuntsu ikusi eta osagai guztiak dituen industria batek etorkizun oparoa duela, zuzena, arrakastatsua; begira zenbat jende, zenbat talentu. Bitxia da, oraindik ere, euriak ez molestatzea.
Los Domingos eta zaharberrituak
Sarien txanda, besarkaden garaia. Esti Urresola zinemagilea, Aizpea Goenaga eta Iraia Elias aktoreak, Alfonso Venegas EZAEko lehendakaria eta Isabel Octavio EITBko zuzendaria izan ziren sari hauek aurkeztu zituztenak, industriako beste profesional batzuei hitza emanez:
Alauda Ruiz de Azuak (Los Domingos) jaso zuen GIDOI+SGAE saria, SGAEko ordezkarien eskutik. “Gidoigileetatik, gidoigileetara”. Pozik hartu zuen bilbotarrak saria, iazko Zinemaldiko Urrezko Maskorra jaso eta gero errekonozimenduak jasotzen jarraitzen dutelako, eta ez, soilik, sari modura. Hala ere, ez zen hori izan Ruiz de Azuak bart oholtza zapaldu zuen lehen aldia; EZAE saria ere, Los Domingosen lantaldearentzat izan zen. Nagore Aranburu aktorearen eskutik jaso zuen taldeak —filmean parte hartzen du, baita ere—, esku ezagunek eman eta esku eskertuek jaso. Los Domingosen agurra sentitu zuen zuzendariak atzoko galarekin, azken geltokia. Antzokia blai.
Euskadiko Filmategiaren Saria estreinatu dute aurtengo galan, eta Ana Diezek jaso zuen (Ander eta Yul, 1988). Filmategiak filma zaharberritu du, eta zuzendariarentzat, zaharberritze hori “biziberritze bat” izan da; euskal zinemak egun duen indarra izateko bidea egin dutenak omentzeko modu bat da filmategiak egin duen lana.
Gu, gure zinema
Aizpururen jaka bezain distiratsu, Distira saria. Euskal Aktoreen Batasunak urtero ematen duen saria jaso zuen, bera ere distiratsu, aldarrikatzaile, umorezko, azken 25 urteetan plazak, oholtzak, pantailak irribarrez bete dituen Aitziber Garmendia dardaratsu batek. Film euskaldun bat estreinatzen den bakoitzean bere sentitzen du, “hau garelako gu, hau delako gure herria, gure hizkuntza, gure talentua eta hau delako gure zinema”. Zaparrada, berriro ere, baino gauez, eta izarrez beteta. Lehena, bera. Eta bere jarrera beti aldarrikatzailearekin egin zuen gonbita zinema aretoetara, “urte osoan irekita baitaude”. Baita alfonbra gorriak kentzen direnean ere.
Musika ere izan zen protagonista galan; Los Domingoseko abesbatzak lortu zuen ekaitzaren ostean barea, abestutako kantaren kontrara, eta Dantzerti Bilboko Arte Dramatikoko Goi Mailako Eskolako ikasleek jarri zioten gorputza Itoizen klasikoari. Kantatu zuen jendeak, dantzatu zuten gorputzek, kantatu aingeruek eta berriro euri jasa bat hunkituagoa, besaulkietatik barren guztiak hustu balira bezala. Eta hori guztia amaituta, Gazarekin elkartasuna, karteltxoak balkoietatik; kalean ziurgabetasun garaiak, sirena kantu faxistak; ez dira betiko garai onenak.
EITB Egile Berriak saria Patricia Lopez Arnaiz aktoreak eman zion hain maite duen Alberto Gastesi zuzendariari. Luze eta zabal aritu zen hau eskerrak ematen, bere ondoan egon direnei eta bizitzari berari, betidanik bere ametsa izan den hori lanbide bihurtzeko aukera izan duelako. Garai onak badaudelako, oraindik.
Betirako, Joselontxo
Sorpresa eta lilura Kandido Uranga eta Zorion Egileor aktoren sarrerarekin. Zenbat maitasun hitz, zenbat miresmen euren artean, “elkarrekin lan egiten hobeak gara”, profesioarekiko, euskal zinemarekiko eta Zinemira saria hunkituta jaso zuen Jose Ramon Soroiz batekiko. Euria litroka, kazkabarra. Antzoki bat emozioz eroria, aktore bat urduria, ibilbide luzeko arrakasta bat bizkarrean, “aparta, ausarta era konprometitua”. Zilarrezko Maskorra iaz, eta Zinemira aurten. Zinemaldiak maite du Soroiz, eta Soroizek maite du bere profesioa, ez dagoelako zerbait egin eta gustura geratzea baino plazer handiagorik.

