‘Txinaurriak’ diskoaren aurkezpena Dokan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Gaur, abenduak 1, aurkeztu dute Mikel Laboari eskainitako
Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantuak diskoa. Ez da kasualitatea gaurko eguna aukeratzea, bi urte bete baitira musikari donostiarra hil zela. Bidehuts kolektiboak hari eskainitako opari gisa plazaratu dute lana: «Berari eta bere unibertsoari esker ikasi eta gozatutako ondarea eskertu nahi diogu».
Willis Drummond, Hotel, Miren Iza, Berri Txarrak, Xabier Montoia, Zura, Audience, Mursego, Atom Rhumba, Gora Japon, Ruper Ordorika, Lisabo… Guztira hemeretzi musika taldek eta bakarlarik parte hartu dute bilduma honetan. Bakoitzak Laboaren kanta bat aukeratu eta haren bertsioa egin du.
Lehen pausoa zaila izan zela aitortu dute parte hartzaileek: «Hain sakratuak, hain handiak dira haren abestiak…». Eta musikari batzuek abesti bera aukeratu zuten hasieran. Baina azkenean, «guztiek nahi zuten kantua egin dute». Otsailean elkartu ziren proiektua abian jartzeko, eta Tolosako Bonberenean grabatu zuten lana. «Nahiz eta bilduma itxura izan, disko oso bat izatea nahi genuen. Talde bakoitzaren sonoritatea gordetzen du lan honek, baina homogeneoa da era berean. Rock estilotik landutako abestiak dira. Batzuk rockeroagoak dira, beste batzuk esperimentalagoak… Baina rocka da guztien lotura».
Diskoan Laboaren abesti batzuk, eta talde batzuk faltan bota dituztela aitortu dute, baina halere, emaitzarekin gustura daudela adierazi dute: «Ez gara diskoetxe bat eta nahikoa lan izan dugu».
Gaztetasuna eta zahartasuna, Liluraren kontra, Baga Biga Higa, Txoria Txori, Negu hurbila, Ama hil zaigu, Gure bazterrak, Bedeinkatua edota
Zaude lasai abestien bertsioak jaso dituzte Diskoan, biniloan ere eskuratu daiteke.