Loiolako araztegian mila litro ur garbitzea kafe bat hartzea baino bost aldiz merkeagoa da
Xabier Etxabe
Hondakin solidoei irtenbidea bilatzea eztabaida eta gogoeta iturri bilakatu den bezala, gutxi dira dutxatu, komunera joan edo hortzak garbitzean harraskatik behera doan urarekin zer gertatzen den kezkatzen direnak. Hondakinak, araztegira garraiatu eta garbitu ostean, itsasora iritsi arte egiten duen bidea luzea da, ordea. Urak batera eta bestera egiten duen bidaia gertutik ezagutzeko, Cristina Enea Fundazioak eta Añarbeko Urak, Uren Euskal Agentziaren finantziazioarekin, erakusketa prestatu dute Egiako parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean.
Gaurtik urtarrilaren 30a bitartean egongo da erakusketa zabalik. Ikustera hurbildu nahi duenak, Gabonetako egun berezietan eta San Sebastian egunean izan ezik, egunero izango ditu ateak zabalik.
Bisitariak araztegi handietan ura garbitzeko erabiltzen dituzten teknikak eskala txikian lantzeaz gain, hamaika bitxikeri ezagutzeko aukera izango duela jakinarazi du Enrique Noain Añarbeko Urak-eko presidenteak. Hondakin solidoen eta ur zikinak deuseztearen arteko aldea azaldu du Noainek, hala nola. «Estolderia sistemaren bidez, 12.000 litro ur garraia dezaketen 1.470 kamioik ur zikinak Loiolako araztegira egin beharko lituzteketen 14.700 bidaiak ekiditen dira». Honek ingurumenari «ikaragarrizko mesedea» egiten diola azpimarratu du, kamioien karbono isuriak saihesten dituelako.
Erakusketak, era berean, ur zikina garbi bihurtzeko prozesua zein korapilatsua den azalduko du. Añarbeko presidenteak adierazi bezala, ur zikinak deuseztean hondakinak sortzen dira ere. Zehazki, Mankomunitateko hamar udalerrietako biztanle bakoitzak 26 kilo lokatz sortzen ditu. Lohi hori lehortzerakoan sortutako hautsa nekazaritzan edota zementua egiteko bideratzen dela aditzera eman du.
Ur zikinetako hodiak mantendu, zikina desegin, ur garbia bereizi… Luzea da ura garbitzeko bidea eta pauso bakoitza ez da doakoa. Ingurumen Baliabideen Etxean egin daitekeen ibilbide didaktikoan ordaintzen duten tasa zertara bideratzen den ezagutuko dute herritarrek. Hala, Añarbek mila litro ur garbitzeko, 28 zentimo gastatzen ditu Añarbek. «Kafe batek edo autobus txartelak balio duena baino bost aldiz gutxiago», dio Noainek.
Bisita gidatuak
Erakusketarekin batera, Loiolako araztegira bi bisita gidatu antolatuko dituzte. Lehena, abenduaren 11n egingo dute eta bigarrena, urtarrilaren 15ean. Izen eman nahi duenak 943- 453526 telefonora deitu behar da.


