Musika, moda, eta arte garaikidea, Antzoki Zaharrean
Yon eta Xabier Martinez Jauregik Yox kolektiboa osatzen dute. Aurten zortzigarren aldiz antolatu dute MID_E ekitaldia. Sorkuntza garaikidea izan ohi da jardunaldi honen ardatza. Musika elektronikoa, moda, ikus-entzunezkoak, artea… «Nazioarteko, estatuko eta tokian tokiko sortzaileek parte hartzen dute. Abangoardiako sormenaren erakustaldia da», adierazi dute antolatzaileek.
Azken urteotan Miramar jauregia, Koldo Mitxelena edota Gazteszenan egin izan dute MID_E. Aurten, ordea, Antzoki Zaharrean izango da hitzordua, 19:30ean (Sarrera, 7 euro). Askotariko diziplinak bilduko dituen ordu eta erdiko programa prestatu dute. Eibarko Roberto Etxeberria diseinatzaileak bere azken lanak aurkeztuko ditu, ekitaldi honetarako propio landutako eszenaratzearen bidez. Etxeberria Bartzelonan bizi da egun, eta 2008az geroztik firma propioa du. Letoniatik, Mareunrol’s bikote artistikoa etorriko da. Arropa kolekzioen aurkezpenak egiterakoan bideo emanaldiak, proiekzio, argazki eta instalazio bereziak ere erabiltzen dituzte. «Istorio bat kontatzen laguntzen duten edozein formaturen laguntzaz erakusten dute moda». Zuzeneko musika saioa Marina eta Javi Xu sortzaileeekin iritsiko da. Klub kultura, musika elektronikoa, ikus-entzunezkoa eta festa ekarriko dute Antzoki Zaharrera.