Bide mozketekin hasi da etxebizitza eskubidearen aldeko greba eguna Donostian
Ehun bat grebalarik Igarako biribilgunea itxi dute 07:00ak aldera.Beñat Parra Greba eguna da gaur Hego Euskal Herrian, etxebizitza eskubidearen alde. Horrela, Donostian, lehen ordutik hasi da greba orokorra nabaritzen hiriko kaleetan. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak (EHESS), Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, LABek, ELAk, ESKk, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek elkarrekin deitu dute azaroaren 11 honetako grebara, eta CCOO eta UGT sindikatuak ere euren aldetik mobilizatuko dira.
Hain zuzen ere, 07:00etan, ehun bat grebalarik Igarako biribilgunea itxi dute, sarrera guztietan pankarta handiekin jarriz. Ertzaintzaren hamar bat auto eta furgoneta bertaratu dira berehala, baita hasieratik grebalari batzuen aurka borrekin oldartu ere.
Hala ere, ordu erdi pasatxoz eduki dute biribilgunea itxita grebalariek, “gaur greba eguna da!” oihukatuz, besteak beste. Aurretik, Donostiako Kontseilu Sozialistak salatu duenez, grebalari ugari identifikatu ditu Ertzaintzak Ibaeta inguruan. Era berean, beste grebalari talde batek GI-20 saihesbidearen Amara Berriko sarrera itxi du lehen orduan.
Jarraian, Igarako bide mozketaren irudiak:


