Altitoy Irekia, ate joka
Altitoy Irekia urtarrilaren 29 eta 30ean jokatuko dute. Aurten, iaz bezala, partaide kopurua mugatzera behartuta egon dira antolatzaileak. Lehenengo 500 izena emateak baino ez dituzte onartu, ezinezkoa egiten baitzaie jende gehiagori irekitzea: batetik, estazioetako parkinek ez dutelako leku gehiago eskaintzen; bestetik, egon daitezkeen istripuetarako ere, ezinezkoa zaielako partaide gehiagoren ardura hartzea. Andoni Areizaga antiguatarra probako antolatzailea da eta bera ere guztiz harrituta dago gertatutakoarekin. Izan ere, azaroaren 20an zabaldu zuten izen ematea eta segituan bete zen. «Lau egunetan bete zen izena emate kopurua, aurtengoa izugarria izan da. Nahi izanez gero beste 500 partaide gehiago ere izango genituzke!». Hala ere, 500 partaide baino gehiago izango ditu eski probak, federazioekin dituzten konpromisoak direla eta, 600era iritsi baitira. Hala, itxaron zerrenda ez osatzea erabaki dute, dagoeneko «nahi baino gehiago» baitaude.
Edonola ere, urtero legez, bi ibilbide egongo dira, A eta B. Lehena luzeagoa eta zailagoa da eta taldeka egiten dute; bestea, berriz, herri lasterketa da, bakarka parte hartzen dute eta denborak ez dira kontuan hartzen. Aurten, Midi de Bigorreko bira ohiko ibilbideetatik egingo dute, hau da, Col de Laquets eta Pourterre de l’Hommetik Pic Ardideneruntz. «Aipagarria da saiatu nahi dugula Midi de Bigorreri bira osoa egiten. Oso teknikoa da eta luzea. Ea zortea daukagun», aipatu du Areizagak.
Herritarrei zuzendua
Proba honen helburu nagusia bere izaera alpetar eta herrikoia mantentzea da. Beti ere jai giroan ospatu dadin, ahalik eta gogorren dihardute lanean. Guztira, hamar lagunek osatzen dute antolakuntza taldea. Hala ere, proba jokatzen duten egunetan laguntza izaten dute eta 80 lagun inguru elkartzen dira. «Nahiz eta eliteko partaideak etorri, herritarrak etortzea interesatzen zaigu gehien, herri izaera eta teknikoa mantendu ditzan. Arrakastaren gakoa hor dagoela uste dut, jendeak hori jasotzen baitu». Hala, askok proba erronkatzat hartzen dutela dio Areizagak. «Ibilbidea ez da erraza eta askok erronka moduan hartzen dute, motibatzeko aitzakia da». Gainera, txoko guztietako partaideak biltzen ditu Altitoyak. Gehiengoa euskalduna den arren, inguruko herrialdeetako kideak ere hurbiltzen dira. «Aurten, lehen aldiz, Alpeetako partaideak izango ditugu; italiarrak eta frantsesak. Horrek esan nahi du Pirinioetatik kanpo ere zabaltzen ari dela. Espainiar Estatuko txoko guztietako jendea etortzen da, Madril, Andaluzia, Katalunia… oso pozik gaude».
Ibilbidearen lekurik interesgarrienetan lasterketa ikusi nahi dutenentzat antolatutako taldeak egongo dira. Interesatuak info@altitoy.com erabiliz antolatzaileekin harremanetan jar daitezke. Bestetik, kontrol guneetan antolatzaileei laguntzeko prest daudenek (bazkaria eta motxila bat opari) ere helbide berdinera idatzi behar dute.
- A Ibilbidea. Larunbata: Midi de Bigorreri bira. Igandea: banaka, Pic Ardideni bira.
- B ibilbidea. Herrikoia, sailkapenik gabe, banaka. Larunbata: Pouterre de l’Homme. Igandea: Pic de la Bonida / Col d’Oncet.
- Egitaraua.