Martuteneko 27 industrialdea eraberrituko duen hazia erein dute
Laster Zuatzuko enpresa gunean irekiko duten Ikus-entzunezkoen guneak anaia txikia izango du Martutenen, 27 Industrialdean. Antiguakoa ikus-entzunezko alorrean lanean ari diren enpresen habia izango den bitartean, Enertic izenez ezagutuko den 27 Industrialdeko eraikinak energia berriztagarrien eta energia eraginkortasunaren sektorean lanean ari diren enpresen bilgune izango da.
Atzo, Odon Elorza alkateak eta Donostialdeko Energia Berriztagarrien eta Energia Eraginkortasunaren Klusterreko kideek egin zuten lehenengo harria jartzeko ekitaldiaren bidez, eraikina altxatzeko lanei hasiera eman zieten. 55 enpresarentzat lekua izango duen bost solairuko ekipamendua datorren urteko udaberrirako egon daiteke prest, 16 hilabete finkatu baitituzte lanak bukatzeko epe.
Denera, 6,5 milioi euroko aurrekontua du proiektuak eta Europako Batzordearen nahiz Espainiako Gobernuko Industria ministerioaren laguntza izango du. Europako batzordeak, zehazki, 2,7 milioi bideratuko ditu eta Industria ministerioak, 288.374 euroko laguntzaz gain, bi milioi euroko kreditua eskaini du.
Europatik datorren laguntza egitasmoak duen ikuspegi zabala arrazoitzen du. Izan ere, energia berriztagarrien alde lanean aritzeko Euskadi eta Akitaniaren arteko harremanak estutzeko erronka du Enertic eraikinaren egitasmoak.
Eredugarri
Hiriko ekonomia astindu ez ezik, Enertic-ek 27 Industrialdeari balio erantsia emango diola uste dute Sustapen Elkarteko arduradunek, eraikina bera puntakoa izango delako. Energia kontsumoari dagokionez, hutsaren hurrengoa izatearekin batera, karbono isuririk ez sortzea dute helburu. Horretarako, eguzki energia, geotermia eta beste hainbat teknologia mota erabiliko dituzte.
Ezaugarri hauek guztiak direla-eta, Enertic 27 Industrialdeko «paradigma» bilakatuko dela nabarmendu dute. Eredugarri bakarri ez, Gipuzkoa aitzindaria izan zen industrialdea modernizatzen hasteko lehen harria izan daitekeela adierazi dute. «Agerikoa da 27 Industrialdea zaharkituta dagoela; horregatik, itxuraberrituko duen enpresa eta helburu berriak behar dira», azpimarratu du Odon Elorza alkateak.
Izendapena
Lehorrean bakarrik ez, itsas energiarekin lotuta, Energiaren Euskal Erakundearekin elkarlanean, hiriak jomuga berriak izango dituela erantsi du alkateak, era berean. Aurten, Espainiako Gobernuko bigarren Zapatero planaren bidez, garatutako proiektuen artean %70ak berrikuntzarekin lotura zutela zehaztu du, halaber.
Azken urteetan, beraz, berrikuntza eta zientziaren alde egin den lana handia izan dela eta horren erakusle, gaur Madrilen, Cristina Garmendia Zientzia eta Berrikuntza ministroaren eskutik hiriak jasoko duen Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria izendapena aipatu du.

