Vasco de Campingek iraupen eskiaren inguruko webgunea du
Vasco de Camping elkarteak web orrialdea du aspalditik. Hala ere, horrekin nahikoa ez eta beste webgune bat inauguratu berri du, hilabete honetan: CVC fondo. Neguko kirol erregea eskia dela eta, kirol horren inguruko informazioa biltzen du blog berriak.
Webguneak hainbat atal ditu: Dokumentuak, Tailerra… hori bai, informazio guztia gaztelera hutsean dago. Horretaz gain, hilabetero argazki bat nabarmenduko dute eta klubeko iraupen eskiko taldearen irteerak biltzen dituen egutegia ere zintzilikatu dute, interesa duen ororen eskura.
Taldea eta bi proba
Klubeko iraupen eskiko taldea 11 lagunek osatzen dute eta adin guztietako kirolariak daude tartean. Bertako kide guztien banakako argazkiak ikus daitezke gune berrian: Dani Bermejo, Xabier Del Val, Josu Erkizia, Jon Garzia, Leire Gardeazabal, Mikel Sarasola… Taldeak bere irteeren berri emateko erabiliko du webgunea eta gainera, hainbat gomendio ere zintzilikatuko ditu. Bestetik, klubak antolatzen dituen bi lasterketen inguruko informazio zehatza eskuragai dago dagoeneko: Donostia Saria eta Artikutzako Igoera, rollerski gainean. Lehenengoa 2007tik jokatzen da Le Somporten, otsaileko bigarren igandean. Bigarrena, berriz, negutik kanpo eskiari tokia egiteko alternatiba da.

