Ana Franki buruzko erakusketa, Aieten
Ana Frank gazte judutarraren bizitza izango du ardatz Aieteko kultur etxeko erakusketak.
Holokaustoaren biktimak oroitzeko nazioarteko egunean, urtarrilaren 27an, inauguratuko dute hain zuzen ere hura sufritu zuen protagonistetako bati eskainitako erakusketa. Ana Frank gazte judutarraren bizitza izango du ardatz Aieteko kultur etxeko erakusketak. 1929 eta 1945eko urteetara egingo dute bidaia bisitariek, Ana Franken bizitzako pasadizoen eta familia argazkien bidez. Ana Frank Alemanian bizi zen 1933an Hitler boterera iritsi eta erregimen totalitarioa ezarri zuenean. Nazien jazarpenetik ihes egin eta Herbeheretara joan zen familia guztiarekin. 1940an, ordea, soldadu naziak iritsi ziren bertara. Anaren gurasoek eguneroko bat oparitu zioten eta bertan idatzi zituen neska gazteak bere pentsamenduak eta esperientziak. Bi urte luze eman zituen ezkutatuta. 1945ean hil zen Bergen Belsen kontzentrazio esparruan.
Antolatzaileek gazteak erakarri nahi dituzte erakusketara. Bigarren Mundu Gerrak gizartean utzitako arrastoa ezagutzen ez dituztenak. Horregatik gonbidatu dituzte Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak. Amsterdamgo Anne Frank Stichting Fundazioarekin batera antolatu du Udalak erakusketa. Bertako Ana Frank Museoarekin batera, hain zuzen ere. Erakusketan betan Ana Franki buruzko bi dokumental izango dira ikusgai, bata, euskaraz, Kitty maitea, eta bestea, gaztelaniaz, La corta vida de Ana Frank. Inaugurazioa ostegunean izango da, 19:00etan. Apirilaren 30a arte hurrengo ordutegia izango du. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Larunbateran 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Igandetan, 10:00etatik 14:00etara.