Bidegorria fabrikaren aldetik ala beste aldetik?
Udal Gobernuak aurkeztutako aurrekontu zirriborroa ez da EA, Hamaikabat eta Donostiako Ezker Abertzalearen gustukoa. Proposamena baztertzeko eskaera egin dute EAk eta Hamaikabatek, osoko zuzenketa aurkeztuta. Ezker Abertzaleak, berriz, parte hartzeko aukerarik izan ez dutela, eta «politika eskuindarrari» erantzuten diola salatu du.
Hamaikabateko bozeramaileak, Jaione Arratibelek, arrazoitu duenez, aurrekontua ez da «batere orekatua». Zirriborroan adierazitako diru sarrera ugari «betetzeko zailak» izango direla esan du Arratibelek. Aurreikusitakoa errealitatetik urrun dagoela irudikatzeko, Atotxa Errekako adibidea jarri du Arratibelek. 2006an, 31 lursail jarri zituzten salgai eta orain arte bi besterik ez direla saldu azaldu du.
Diru sarreren atalean, Udal Gobernua «baikorregia» delako, osoko zuzenketa aurkeztu du EAk, halaber. Aurrekontua alboratzeko eskaeraz gain, zuzenketa txikiagoak planteatu ditu oposizioko alderdiak, 306, denera. Burutaranek, oro har, alokairuzko etxebizitzaren alde nahiz diru laguntzetan egindako murrizketak salatu ditu. Ezker Abertzaleak ere diru laguntzen plan estrategikorik gabe, «alkateak 1,5 milioi euro banatzea» salatu du.
Inbertsioei dagokionez, EArentzat Ubako aterpea eraikitzeko hiru milioi gastatzeak ez du lehentasunik. Ezker abertzalearentzat, berriz, udal ordezkarien soldatei erreparatuta, herritarren interesak baino, alderdienak lehenesten direla zehaztu dute.
EAk nahiz Hamaikabatek udal sozietateak publikoak murrizteko proposamena egin dute. Anoeta Kiroldegia desagertzea edota Parvisa eta Etxegintza bateratzea iradoki dute. Burutaranek, era berean, Zuloagako haurtzaindegiaren kudeaketa Haurreskolen Patzuergoaren esku uztea eskatu du. Ezker Abertzaleak, bestalde, udal zerbitzuak pribatizatzeko joera kritikatu du. Euskararen normalizaziorako diru baliabide nahikorik ez dela bideratzen zehaztu du ere.