Eskiak edo erraketak jantzita, elurretara
Zuriza bailaran barrena antolatu du Fortuna Kirol Elkarteak Mendebaldeko Haranak III. Mendi Zeharkaldia. Zehazki, Huescako Anso herrian dago bailara eta proba otsailaren 6an jokatuko dute. Gehienezko partaidetza 100 lagunekoa den arren, momentuz, gutxik eman dute izena. Edonola ere, antolakuntza lanetan dabilen Arantza Rojok Irutxuloko Hitzari adierazi dio, lasai daudela: “Ez dago elur asko eta momentuz jende gutxi animatu da. Hala ere, 20 lagunekin bada ere, egiteko asmoa dugu, proba txikia izanik guretzako nahikoa baita”.
Proba jendetsuak antolatzen esperientzia asko du Fortunak. Hala ere, Zurizako zeharkaldia erronkatzat jotzen du, elurrak eta altuerak ezartzen dituen baldintza bereziengaitik. Gauzak hala, Rojok azaldu du lagun asko behar direla halako ekimen bat antolatzeko. “Egun hauetan antolakuntzako bost kide daude proba egingo den tokian bidea markatzen. Lan garrantzitsua da hori, elurrak estali egin ditzakeelako seinaleak”, aipatu du Rojok. Kontuak kontu, klubeko 15-20 kide inguru dabiltza antolakuntzan eta horietako asko Huescara joango dira asteburuan. Hala ere, Rojok adierazi du inguruko langileen laguntza ere izaten dutela.
Eskiak edo erraketak
Zeharkaldia egiteko bi aukera egongo dira, bata eskien gainean eta bestea erraketekin. Eski zeharkaldia 20 kilometroko ibilbideak osatzen du eta irteera eta helmuga Zurizan (1.220 m) izango dira. Urtero aldaketatxoren bat izaten du ibilbideak, elur kantitatea kontua izan behar baita. Aurten, besteak beste, honako tokietatik igaroko dira: Estiviella, Tortiella pasabidea, Chipeta gaina (2.189 m), Taxera lautada eta Qimboa Gaina (2.179 m).
Proban parte hartu ahal izateko beharrezkoa da mendiko edo eskiko lizentzia indarrean izatea edota antzeko babesdun asegurua. Horretaz gain, ekipamendu egokia eraman beharko dute partaideek: Eskiak, foka azalak, aihotzak, makilak, betaurrekoak, elurretako betaurrekoak, GPSa edo ipar-orratza, elur jauzien detektagailua edo jantzi egokiak, eta janari eta edariak. Hori guztia, gutxienez. Erraketen egin beharreko ibilbidea, berriz, motzagoa eta errazagoa da.
Ibilbide osoa goitik behera egiteko zazpi orduko gehienezko denbora epea jarri dute. Hala, tarte horretan helmugaratuko diren partaide guztiek diploma eta oroigarri bana jasoko dute opari.
Gainera, parte hartzeko gogoz dagoena oraindik garaiz dabil, bihar baita izen emateko azken eguna. Prezioari dagokionean, eski ibilbidea edo erraketen gainean egitearen araberakoa izango da. Lehenengo ibilbidea egiteak 20 euro balio du eta bigarrenak, berriz, 15 euro.
Informazio gehiago nahi duenak Fortunaren webgunean aurki dezake edo Pio Baroja kiroldegira dei dezake: 943-21 49 00.
- Zer. Mendebaldeko Haranak III. mendi zeharkaldia.
- Noiz. Otsailaren 6an, 8:00etan.
- Modalitateak. Eskia eta erraketak.
- Luzera. 20 Km.
- Prezioa. Eski ibilbiderako 20 euro eta erraketekin irtengo direnentzat 15 euro.
- Izen ematea. Bihar da azken eguna eta Internet bidez bakarrik egin daiteke: Kirolprobak edo Fortunaren webguneetan.