Xabier Mendiguren omendu du Ziurtagiriaren Elkarteak
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren idazkari nagusi ohi Xabier Mendiguren Ziurtagiriaren Elkartearen Bai Euskarari Laguna oroigarria jasotzekoa zen atzo Victoria Eugenia Clubean. Bigarren urtez ematen diren Bai Euskarari sarien banaketa ekitaldia dela-eta Ziurtagiriaren Elkarteak publikoki aitortu nahi izan zion Mendigureni urteetako ibilbidea. Izan ere, azken urteotan Mendiguren izan baita Bai Euskarari-ren irudiaren, kudeaketaren eta hedapenaren sustatzaile nagusia. Horrez gain, euskararekin loturiko beste hainbat lanetan ere aritua da eta hizkuntzaren normalizazioa lortzera bideratutako hamaika egitasmotan parte hartu du.
Hunkituta eta pozarren agertu zen Mendiguren aintzatespenaren berri izatean, ez baitzuen inolaz ere espero. «Horrelako sariak inoiz ez dira espero izaten. Nik neuk ez behintzat. Eta ustekabean harrapatzen zaituzte, zeren burura etortzen zaizun lehena izaten da egin behar nuena egiten saiatzea besterik ez dudala egin. Baina pozik hartzen da norbaitek zugan pentsatu duela jakitea eta urteetan zehar egindako lana kontuan hartu duela ikustea», aitortu zuen iazko apirila arte Kontseiluko idazkari nagusi izandakoak. 12 urte karguan izan ondoren, erakundearen sorreratik hartutako ardura utzi eta Paul Bilbaok ordezkatu zuen. Mendigurenen gidaritzapeko urteetan hizkuntza eskubideen sozializazioan egindako ekarpen handia egin du Kontseiluak, euskararen normalizazioa bizitza sozialaren eremu ezberdinetan zabaltzea eta aktibatzea lortu baitu.
Hamar urteko ibilbidea
Lan munduan euskara sustatzeko tresna gisa sortu zuen Kontseiluak 2000 urtean Bai Euskarari Ziurtagiria. Zazpi urte geroago, Ziurtagiriaren Elkarteak hartu zuen bere kudeaketaren ardura. Hamarkada luze honetan 1.600 enpresa, saltoki eta entitatek eskuratu dute euskararen normalizazioaren alde egindako lana aitortu eta euskararekiko konpromisoa erakusten duen bereizgarria. Guztiek hartutako erantzukizuna eskertu die Elkartearen zuzendari Rober Gutierrezek. «Hizkuntzak ez dira ezer, haiek erabili, bizi eta biziarazten dituzten pertsonarik gabe, horregatik zuon lana benetan eskertzekoa da, gizarte osoari eragitera iristen baita. Ez dago hizkuntza bat normalizatzerik ez bada bere erabilera bermatzen arlo sozioekonomikoan». Honen harira, Reflectarion Kelsenek eta Tolosako Hirukide ikastetxeak jaso dute Bai Euskarari saria, euskararen alde egindako apustu nabarmenarengatik.
Ibilbidean Ziurtagiriaren Elkarteak egin duena ere gogoratu du Gutierrezek. Bere esanetan, indarrak batuta proiektu eta egitasmo ugari eraman dituzte aurrera eta etorkizunari begira «urrats biziagoak» etorriko direla ere aurreikusi zuen zuzendariak. Besteak beste, Bai Ziurtagiriaren aldizkariaren edizio elektronikoa abiaraztea, sektorekako egitasmoak antolatzea edota Enpresarean ekimena garatzea.