Antiguako zenbait errepide Udalaren esku utzi ditu Aldundiak
Udalaren errepide sarea handiagoa izango da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Antiguako zenbait errepideren jabe aldaketa onartu baitu. Erabaki honen bidez, herri arteko lotura ziren bide azpiegiturak hiri barruko errepide bihurtuko dira.
Hemendik aurrera, Tolosa hiribidean, Infernutik Errotaburu aldera doan errepidea Udalak kudeatu beharko du. Tolosa hiribidetik mugitu gabe, Errotaburuko biribilgunetik Igara aurreko Ibaetako biribilgunera doazen lau bideek ere Aldundiaren ardura izateari utziko diote. A-8arekin bat egin eta Zarautz hiribidean barneratzea ahalbidetzen duen Zapatari biribilguneak, halaber, Udala du jabe berri, baita biribilgune hau Errotaburukoarekin lotzen duen bideak ere.
Tarifa bera
Foru Aldundiak, bestalde, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eraketa eta estatutuak onartu ditu. Besteak beste, Donostiako Udalak eta Jaurlaritzak osatutako partzuergo honek garraio tarifak berdintzea ahalbidetuko du aurten. Hala, trenez nahiz autobusez joan, Errenteriara joateko prezio berbera ordainduko dute bidaiariek.