Egunerokotasunetik ihesi dabiltzanak harrapatu nahi dituzte
Donostia Turismok aurten garatuko duen estrategiaren nondik norakoak finkatuta ditu. Hiriaren ahulgune eta indarguneak identifikatuta, erabaki dute hemendik aurrerako ekimenek zein bidetik joko duten.
Hala, udako hilabete nagusietan bakarrik ez, gainontzeko hilabeteetan ere Kontxa pasealekua turistaz bete daitekeela zalantzarik ez dute Donostia Turismoko arduradunek eta boladarik apalenetan bisitariei ateak irekitzen jarraituko dutela azpimarratu dute Enrique Ramos Turismo zinegotziak zein Manu Narvaez Donostia Turismoko gerenteak. Erronka honekin urteak daramatzate buru belarri eta egindako lanak ordaina izan duela plazaratu dute. Izan ere, krisi ekonomikoak erasatzen segitzen duen arren, 2010eko martxoan, %21 egin zuen gora turismoak hirian; %20 apirilean eta %19 urtarrilean.
Emakumeei zuzenduta
Joera horri eusteko, beraz, egunerokotasunetik alde egiteko gogoz direnengana zuzendu nahi du Donostia Turismok amua. Egun gutxi batzuez giroz aldatzeko gogoz direnen bikote edo taldeentzat Donostiak aukera paregabeak eskain ditzakeela nabarmendu dute.
Ramosen hitzetan, ihesaldi bila dabiltzan bisitarien atzean emakumeak daude batipat, 3-5 izarretako hotelak bilatzen dituzte eta internet bidez egiten dituzte eskaerak. Balizko bisitari horiek erakartzeko, beraz, hainbat sustapen kanpaina egingo dituzte.
Donostiak eskaintzen dituen baliabide eta interesguneei ahalik eta zuku gehiena ateratzeko, beraz, bost alderdi izango ditu Donostia Turismok ardatz -maitasuna, gastronomia, kirola, jaialdiak eta negozioak-, eta horien inguruan osatuko dituzte produktu turistikoak.
‘Jazztronomia’
Gastronomiak eta kultur jaialdiek duten indarra baliatuz, eskaintza bereziak antolatuko dituztela argitu du Narvaezek. Bi alderdiak elkartuz, Jazztronomia delako produktua sortuko dutela iragarri du.
Kulturak eta turismoak bat egin dezaten, Donostia Kulturarekin elkarlanean ariko direla argitu dute. Era horretan, San Telmo museoa ez da artelan biltegi soila izango. Donostia Turismoko arduradunek jakinarazi dutenez, museoan afariak edota, Kursaalen bezala, biltzarrak antolatzeko aukera egongo da.