Pasabideen segurtasuna bermatzeko frogak egingo dituzte
Aizkorriko igogailuekin bat egiten duten pasabideetan frogak egingo dituzte ostegunean eta ostiralean, kargari behar bezala eusteko gai diren ikusteko. Hori dela eta, Antiguatik gora eta behera joateko igogailuak geldirik egongo dira ostegunean, 16:00etatik 20:00etara, eta ostiralean, 9:00etatik 20:00etara.
Igogaluez gain, Aizkorri kalea ere itxita egongo da ibilgailuentzat ostiralean. Eragozpenik txikiena eragiteko, 84-86 atarietako aparkalekuetara sartu behar duten autoek Zarautz hiribidetik sarbidea izango dutela aditzera eman du Proiektu eta Herri Lan sailak.
Zubi berrietan, azpiegiturok jasango duten pisuari eusteko gai izango ote diren ikusteko, legeak karga frogak egitera behartzen duen moduan, pasabideotan legeak ez duela horrelakorik egitera behartzen ohartarazi dute. «Halako azterketak egitea, halere, ez dago sobera», zehaztu dute.
Kartelak eta seinaleak jarri dituzte, lan hauetarako okupatu beharko dituzten aparkaleku plazen berri emanez nahiz igogailuak noiz geratuko dituzten argituz. Osteguna baino lehen lekualdatu beharreko autoen ondoan hesiak jarri dituzte, halaber.