'Weichen (Dust)': Flâneur budista Donostian zehar
'Wiechen (dust)' filmaren fotograma. 'Wiechen (dust)' Klasikoak
Filma: Weichen (Dust)
Zuzendaria: Tsai Ming-Liang
Zuzendariak bere filmak aurkezterako orduan ez da ohikoa ez lokartzeko eskatzea. Umorerik ez zaio falta, baina arrazoirik ere ez. Elkarrizketa bakar bat ere ez duen filma kontenplatiboa da honakoa, batentzat baino gehiagorentzat arreta mantentzeko zaila. Ariketa estetiko hutsa dirudi hasieran: tibetar monjea, ahalik eta polikien ibiltzen, Donostian eta inguruetan. Donostian filma ikusteak zentzua du, bai, baina ez dio begirada berririk gehitu hiriari. Ibiltzeko moduak akaso bai?
Flâneur-aren deriba budista honek Clara Campoamorren eskulturatik abiatuta, zeharkatu ditu Orona, autobus geltokia, Lakaxita gaztetxea, Sagues, Oiartzun, Trintxerpe… Txillida, Oteiza eta Basterretxearen eskulturak eta hardcore kontzertua Mogambon. Umorea deitu dakiokeen puntua da kontzertuaren ostean lotan geratu beharra duela gure monjeak.
Tsai Ming-Liangen geldotasunaren bilaketa hori Xuanzang monje txinatarraren irudiarekin lotuta dago. Txinako zibilizazioaren Urrezko Arotzat hartzen den Tang dinastiaren garaian (VII. mendetik X. mendera bitartean), monjeak milaka kilometro egin zituen Indiaraino, eskritura budisten bila. Lee Kang-Sheng monje horren bertsio garaikidea da: ilea larru-arras moztuta, oinutsik eta tunika gorri bat jantzita, pertsonaia hiriko paisaian barrena dabil erabateko introspekzio ariketa batean.
Proiektuak 2011n du abiapuntua. Urte hartan, zuzendariak Lee Kang-Sheng aktorearekin elkarlanean jardun zuen Only You antzezlanean. Aktorea urrats geldoz ibiltzen zen sekuentzia batek liluratuta, Tsai Ming-Liang zinemagileak gorputz erritmo hori pantailara eramatea erabaki zuen, gorputza munduko hainbat lekutan zehar dabilen behatzaile bihurtuz.
Ariketa estetikotik harago, badira helduleku batzuk, ispilu jokoak imajinatzeko: aipaturiko Mogamboko kontzertua, 80 urteko baserritarra bere etxaldean, Montxo Antia ETAko kidearen kartela, Xabier Leteren horma irudia… Parte Zaharrean turistez goraino dauden kaleetan ateratzen dizkioten argazkiek ere esaten dute asko garaiaz.
Filma gisa ez dakit askorik funtzionatzen duen. Baina gonbidapenak bai. Filosofia budistak situazionistekin bat egiten duenean: “Ez dator inondik, ez doa inora”. Badakizue: aipatu daiteken taoa ez da taoa.

