Jon Santacana eta Lucas Egibar saritu dituzte
Ikusmen arazoak dituen Jon Santacana eskiatzaile loiolatarra saritu berri dute. Izan ere, Nazioarteko Batzorde Paralinpiarrak urtarrileko kirolari onena bezala aukeratu du, boto errekorrarekin (%31). Ongi merezia du saria Santacanak, Italian jokatutako Elbarrien Eski Alpinoko Munduko Txapelketan bost domina lortu baitzituen, hiru urrezko eta bi zilarrezko. Beti ere, Miguel Galindo gida izan du bidelagun.
Bestetik, Lucas Egibar igeldotarra ere zorionekoa da. Aurreko asteburuan Frantziako Val Thorens estazioan Snowboard Cross (SBX) delakoa jokatu zuten eta Egibarrek kadete mailako partaide onenaren saria jaso zuen.