Lau urte eta gero, derbia gorritxoekin
Azkenekoz, aurtengo denboraldian gurutzatu dira Reala eta Osasuna, Iruñean, joaneko partidan. Reala esku hutsik itzuli zen etxera, partida kaskar baten ostean. Gorritxoek ez zuten gauza gehiegirik egin, baina ate aurrean asmatu eta hiru puntuak poltsikoratu zituzten. Realak ezin izan zituen gauzak okerrago egin eta 3-1ekoarekin bukatu zen lehia.
Bi euskal taldeen arteko azken bi norgehiagokak gogoratzeko, ordea, ia lau urte atzera egin beharra dago, 2007ra. Realak Lehen Maila agurtu zuen urtea, hain zuzen ere. Urte hartako urtarrilaren 6an, erregetako oparia jaso zuen Realak Anoetan. Osasunari 2-1 irabazi zion, azken minutuetan Aranburuk sartutako golari esker. Pozak gutxi iraun zion, ordea, Realari. Izan ere, zale txuri-urdinek hobeto gogoratuko dutena maiatzeko partida hura izango da. Iruñeko lehia 2-0eko emaitzarekin bukatu zen, David Lopez eta Nekounamen golekin. Estualdirik larrienan murgildu zen orduan Donostiako taldea, salbazioa sei puntura baitzuen, Liga bukatzeko hiru partidaren faltan. Zale gorritxo batzuei ez zitzaien ongi iruditu bere taldeak egindakoa, aurretik Realak Osasunari mesedetxoren bat egina baitzion. Historiaren zoritxarreko bukaera jakina da. Garai haietan, Lotinaren aginduetara zeuden Kovacevic, Diaz Zerio, Garrido, Aranburu, Rekarte, Labaka, Jesuli, Gari Uranga, Agirretxe… eta gutxi batzuk oraindik plantillan diraute.
Azken urteetan, Osasuna eta Reala elkarren aurka ikusteko aukera 2009ko urrian izan zen. Protagonistak, ordea, ez ziren ohikoak izan. Herrerako Sporting Futbol Elkarteak 50. urteurrena bete zuen urte hartan eta bi taldeetako beteranoen arteko norgehiagoka antolatu zuen ospakizunerako. Txuri-urdinak izan ziren txapeldunak, baina partida horrek ezer gutxirako balio zuen.
Igandean, itzulerakoa
Orain, sentimenduak alde batera utziko dituzte bi taldeek eta Realak 2007ko arantza kentzeko baliatu dezake igandeko partida. Bi euskal taldeak ere ez daude mesedeak egiteko moduan, baina Reala da Osasuna baino osasuntsuago dagoena. Sailkapeneko hamargarren taldea da Martin Lasarterena, 28 punturekin. Gorritxoak, berriz, beherago daude, 14. postuan, 22 punturekin, jaitsieratik oso hurbil: Sporting, Hercules, Racing eta Deportivorekin berdinduta.
Edonola ere, trebetasunak etzi erakutsi beharko dituzte, 17:00etatik aurrera. Aurretik esandakoek gutxirako balio baitute.