Arteleku-Tabakalera sorkuntza zentroa abian da
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Tabakalerak Arteleku-Tabakalera sorkuntza zentroa abian jartzeko hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hiru urtez, Tabakalerak izango du Artelekuko diziplina anitzeko arte egitarauaren ardura, tabako fabrikako sorkuntza zentro berrirantz zuzentzeko xedez. Honen jarduera egitaraua diseinatu, planifikatu eta aurrera eraman beharko du Tabakalerak, ideia berriak sustatuz, sormena bultzatuz eta parte hartze bideak garatuz. Akordioaren bidez, Tabakaleraren arduradunek programak, zerbitzuak eta lan egiteko moduak garatu eta probatzeko aukera izango dute, tabako fabrika ohiaren birmoldatze lanak burutu bitartean. Hauek apirilean hastea espero dute eta 2014 urtearen hondarrean amaitzea, zentroak 2015ean ateak irekiz.
Tabakalera proiektuaren ardatza da egitasmoa. Bereziki ikus entzunezkoak eta arte berritzailea sustatuko ditu. Eremu artistikoko proiektu berritzaileak zein ikus entzunezko garapena duten sorkuntzakoak bultzatuko ditu. Halaber, erabiltzaileei, sortzaileei, ikus entzunezko sektoreko profesionalei nahiz hiritarrei zuzendutako jarduerak eta laborategiak prestatzeak lehentasuna izango du.
Bestalde, Artelekuko dokumentazio zerbitzutik abiatuta, ikus entzunezkoetan eta kultura bisualean berezitutako dokumentazio zerbitzu integrala garatuko dute. Hau Tabakalerako mediatekaren muina izango da.
Programen eta erabiltzaileen arreta zerbitzuei erantzuteko beharrezkoak diren 600.000 euroez gain, Aldundiak 1.350.000 euro bideratuko ditu datozen hiru urteetan. Horrekin batera, eraikina eta beharrezko baliabide teknikoak ere jarriko ditu.