Ehun eguneko lasterketa
Maiatzaren 22ko udal hauteskundeak iristeko ehun egun falta dira, eta alderdi politikoak hasi dira Ijentea kalera lehen iristeko prestatzen. Odon Elorza PSE-EE taldeko alkategaiak gaur aurkeztu ditu, Aieteko jauregian, seigarrengoz aginte makila eskuratzen lagunduko dioten bidelagunak.
EAJk, berriz, bihar du Eneko Goia alkategaia aurkezteko ekitaldia Kursaalen. Aldamenean izango dituen alderdikideekin batera, udalean politika egiteko beste era bat dagoela aditzera emango du. Herritarren arteko lankidetza sustatzeko eta lidergo faltan diren proiektuei heltzeko gogoz direla erakutsiko dute, halaber.
PSE-EEk, bestalde, hautagaiek hiria kudeatzen duten eskarmentuari atera nahi dio etekin. Boterean urteak igaro arren, Donostia eraikitzen jarraitzeko grina ez dutela galdu ziurtatu dute. Bakea eta kultura ardatz izango dituen kanpaina dibertigarria izango dela adierazi du Odon Elorzak, gainera.
PSE-EEren zerrendako lehen hamabost hautagaien artean sei aurpegi berri daude: Alicia Gonzalez, Iñaki Letamendia, Margot Liliana Daza, Laura Alvarez, Mikel Diez eta Rafael Farias