Industrialdeetan TAOa jartzeko erabakia okerra izan dela onartu du Elorzak
Hasiera batean, Miramongo, Zuatzuko eta Igarako enpresa guneetan aparkaleku plazen %15ean ezarriko zuten TAO sistema. Ondoren, azterketarik ez zegoela argudiatuta, Miramongo Teknologia Parkera mugatu zuten aparkalekua arautzeko erabakia. Azkenean, ez batean eta bestean, industrialdeotan ez dute, oraingoz, TAOrik jarriko.
Miramonen, Igaran eta Zuatzun aparkalekua arautzeko erabakia okerra izan dela esan du Odon Elorza alkateak. «Akats argia» izan dela dio, «astebetean jarreraz aldatu baitugu». Erabaki aldaketa ez da, Elorzaren hitzetan, hauteskundeak ate joka daudelako izan, horrelako erabaki bat hartzeko azterketak beharrezkoak direlako baizik. Alegia, autoa uzteko enpresa gune bakoitzean zein arazo dauden zehazten duen ikerketa bat esku artean izatea «ezinbestekoa» dela adierazi du. Hala nola, aparkaleku kopurua nahikoa den ala ez neurtu, garraio publikoaren eskaintza egokia den ala ez erabaki edota Gipuzkoatik datozenentzat zein irtenbide dauden azalduko duena.
Premia horiek azaleratzeko, Miramongo egoera aztertu zuten bere garaian. Egin zen azterketa, aldiz, behar beste ez zela alderatu gehitu du.
Bilera
Aurreko astean, Miramongo Teknologia parkeak deituta, egoera aztertzeko bilera egin zuten. Bertan, enpresa ordezkari eta langileek parte hartu zuten, baita Mugikortasun saileko ordezkariek ere. «Baldintzak behar bezalakoak ez zirela ohartu ziren eta erabakiz aldatu behar izan dute», esan du alkateak. Egoera honek «lotsarazi» duela adierazi du Elorzak, halaber.
Orain, Europako Batasunak diruz lagunduta egiten ari diren ikerketen emaitzen zain geratuko dira. Behin alde guztiek emaitzen berri dutela, hartu beharreko erabakia alderdi guztiekin adostutakoa izango dela agindu du Odon Elorzak.