Aritz Aranburu surflaria eta Tecnaliako Unai Esnaola teknologia integratua duen taula aurkezten. (Argazkia: Mikel Goñi)
Olatuen moduan, surfa erritmo ziklikoarekin ari da zer esana ematen azken bolada honetan. Joan den asteko Groseko ingeniari batzuek olatu artifiziala ekarri bazuten, aste honetan Pukas enpresak Tecnaliarekin batera garatu duen surf taula aurkeztu du. Puntako surflaria den Aritz Aranburuk aurkezpenean irrien artean esandakoaren arabera, «hemen dugun taulari ezin diogu ziririk sartu. Honekin ibili eta gero, badakigu gehiago entrenatu edota dilista gehiago jan behar dugun».
Aurkeztu berri duten taula prototipoak, hainbat sentsore eta neurgailu barneratzen ditu. Kirolarientzat, fabrikatzaileentzat zein ikusleentzat interesgarriak izan daitezkeen datuak bildu eta ematen ditu asmakizunak. Grafikoki azaldu du Tecnaliaren izenean proiektuan parte hartu duen Unai Esnaolak, «taula barruan ordenagailu pertsonal txiki bat dago eta gero wifi bidez, beste batean, ikus daitezke emaitzak».
Denentzako interesgarri
Abiadura, indarra, materialen tortsioa eta beste hamaika parametro hartzen ditu kontuan mundu osoan bakarra den tresnak. Modu honetan surflariak taula gainean dagoen uneoroko datuak izango ditu, eta bere mugimenduek ekartzen dituzten ondorioak zeintzuk diren azter dezakete. Aranburuk ontzat jo ditu egindako probak. «Hobetzeko bidea emango digu honek eta sentsazioa zena datu zehatza bilakatuko du tresneria honek».
Donostian jatorria duen Pukas enpresako Ignacio Abaitua ere pozik azaldu da prototipoaren emaitzak direla eta. «Tresna honek taulak diseinatzeko garaian, orain arte, erabili dugun proba eta akatsa lan egiteko sisteman, ziklo asko aurreztuko dizkigu».
Pukas gama altuko surf taulak egiten ditu eta, momentuz, enpresa hau soilik izango da prototipoaren erabiltzailea. Beraien taulen eraikitzean honen emaitzak «hemendik gutxira ikusiko» direla aurreratu du Abaituak. Hala ere, ez dute baztertzen prototipo honen bertsio mugatuagoa eliteko surflarientzat sortzea, «oraingo tresnak datu gehiegi ematen ditu. Askotan guretzat, fabrikatzaileentzat egokiak diren datuak». Urrutira jo gabe, aurkezpena bukatutakoan, berriro itzuli dira lanera, «taularen materialen tortsioa hobetzeko bilera dugu. Askotan hitz egin da horretaz; baina, orain datu hauei esker ekin diezaiokegu gaiari».
Dena den, taula berriak ikusleentzat erakargarria izan daiteken informazioa ere ematen du. Aranbururen esanetan, «tenisean zapelatz-begia erabiltzen ari zirenean bezala gaude. Datu horiek zaleen interesekoak dira».
Olatu artifizialak, surf taula informatizatuak, edota tortsioari buruzko bilerak. Honek guztiak ez du Aranburu kezkatzen. «Aurrerakuntzak ez du esan nahi kirolaren esentzia aldatuko denik. Surfak ez du izpiritua galduko».