Josean Bengoetxea aktorea, errodatze lanetan, Barandiaran tabernan.
Josean Bengoetxea aktore donostiarra izango da protagonista. Zuzendariaren bigarren film luzea da
Parte Zaharrean, Barandiaran tabernan; kaian; Alderdi Ederren; Miramonen… Telmo Esnal zinemagilea eta bere lan taldea hiriko hainbat txokotan ari da errodatzen. Zuzendari zarauztarraren bigarren film luzean ari dira buru belarri lanean joan den otsailaren 21az geroztik. Urte berri on, amona! izena du proiektu berriak.
Euria eta eguraldi kaskarra dela eta zenbait eszena ezin izan dituzte kalean errodatu, eta beste lokalizazio batzuk aurkitu behar izan dituzte. Halere, errodatze lanak aurrera doaz.
Donostian filmatuko dute pelikularen zatirik handiena, baina, Hernanin edota Nafarroan ere izango dira. Azken eszenak, gainera, Benidormen errodatuko dituzte. Guztira zazpi aste ariko dira lanean. Hurrengo astean prentsaurrekoa egingo dute Miramonen, pelikularen inguruan hitz egiteko.
Asier Altunarekin batera idatzitako istorioa da, ‘Aupa Etxebeste’ (2005) film arrakastatsua bezala. Oraingoan, ordea, ez dute elkarrekin zuzenduko. Esnal bakarrik izango da zuzendari lanetan.
Gaixotasunaren inguruan
Telmo Esnalek Kimuak programaren azken katalogoan aurkeztutako ‘Amona putz’ film laburrean bezala, lan berrian ere
zahartzaroa izango da gai nagusia. Gabonetan girotutako istorioa izango da.
80 urte luze dituen amona Mari da protagonista.
Montserrat Carulla aktore katalanak interpretatuko du pertsonaia. Alzheimerra duela dirudi, baina ez du. Familiako kiderik azkarrena dela dirudi. Gaixotasunaren inguruan gertatzen dena islatzen du pelikulak, hain zuzen ere, gaixoaren zaintza eta eguneroko bizitza.
Kontxu Odriozola eta
Pedro Otaegi aktoreak haren alaba Maritxu eta bere senarra Joxemariren paperean ariko dira. Joxemarik amona Mari zaharren etxean uzteko erabakia hartuko du, eta ez dio inori ezer esango, ezta bere emazteari ere. Hain zuzen ere, ama zaharren etxean utzita joango dira Benidormera oporretan.
Mari, Kintxoren aurka
Haren suhia Kintxoren laguntza izango du Joxemarik.
Josean Bengoetxea aktore donostiarra sartuko da haren larruan. Marik badaki zer egin duten biek ala biek, eta ez die barkatuko. Kintxoren aurka egingo du amonak, eta honek ustekabeko ondorioak izango ditu.
Nagore Aranburuk ere parte hartuko du Esnalen azken lan honetan.
Irusoinek, filmaren ekoiztetxeak, «
komedia beltza» dela azaldu du, «
umorez kontatutako istorio gogorra». Euskarazko filma izango da, Benidormen grabatutako hainbat zati izan ezik.