Dena prest dago Egiako parkean barrena II. Sudur Krossa egiteko
Egiako parkea, bai auzoko eta bai hiriko toki esanguratsuen artean dago. Hori kontuan izanda eta bertan afizionatu asko korrika egiten ibiltzen direla ikusita, parkeak bere lasterketa berezitua behar zuela pentsatu zuen Egiako lagun talde batek. Iaz antolatu zuten lasterketa lehenengo aldiz eta lortutako emaitzarekin gustura geratu zirenez, aurten ere hemen da II. Sudur Krossa. Izenak ere badu bere azalpena, izan ere, egiatarrek sudur handia dutela dioen kondairari omanalditxoa egin nahi izan zioten.
Jon Jaka lasterketaren arduradun nagusia da eta Irutxuloko Hitzari aurtengo lehiaren nondik norakoak azaldu dizkio. Iazko esperientziaren ondoren, lasterketa ezagunagoa egitea lortu dute eta iaz 120 partaide izan bazituzten, aurten kopuru hori gainditzea espero dute. “Printzipioz, ibilbidea iazko berdina izango da, beraz, partaideek hiru kilometroko bideari bi itzuli eman beharko dizkiote”, azaldu du Jakak. Mikel Albeniz eta Begoña Julian izan ziren iazko txapeldunak, baina ez ziren saritu bakarrak izan, ia guztientzako opariak baititu lasterketak. Izan ere, lasterketaren amaieran, sari banaketa egitearekin batera, zozketak egingo dituzte partaideen artean eta askaritxoaz gozatzeko aukera ere izango dute. Gainera, izena ematen duten guztiei lasterketako elastiko bana oparituko diete.
Egian giroa nabari da
Izen ematea bihar zabalduko dute hiriko hiru tokitan, baita internet bidez ere: Laister Kirolak, U51 Kirolak, Tetuan taberna eta www.herrikrossa.com webgunea. Azken momentura arte itxaroten duenak ere, parte hartzeko aukera izango du. Izan ere, apirilaren 9an bertan, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte, izena emateko aukera egongo da, parkean.
Jakaren esanetan, dagoeneko Egiako kaleetan barrena nabaritu daiteke Sudur Krosa iristeko hilabete bat baino ez dela falta. “Auzoan sekulako ilusioa dago eta bereziki egiatarrak lasterketarako entrenatzen ikus daitezke dagoeneko”.
Lasterketaren promozioari begira, hainbat kontu dituzte buruan antolatzaileek eta bi pertsonai ere sortu dituzte: Usain eta Xudurrina. Beraien ideia, pertsonaia horiekin minutu eta erdiko bideo bat osatzea zen, baina oraindik ideia baino ez da. Bestetik, lasterketak Facebooken profila baduen arren, webgune bat ere sortu nahi dute, bertan argazkiak eta sailkapenak zintzilikatzeko.
II. Sudur Krossa
- Noiz. Apirilak 9, 17:00etan.
- Ibilbidea. Egiako parkean barrena jarritako zirkuituari bi itzuli eman beharko zaizkio.
- Distantzia. 3 kilometroko bi itzuli, guztira 6 kilometro.
- Izen ematea. -Laister Kirolak (Elkano kalea, 6). -U51 Kirolak (Urbieta kalea, 51). -Egiako Tetuan taberna (Karmengo Ama, 34). –www.herrikrosa.com.
- Prezioa. Aldez aurretik 6 euro eta egunean bertan 9 euro.
- Informazio gehiagorako. Jon Jaka, 685.716.876.