Errauste plantaren proiektua eteteko bat egin dute hainbat eragilek
Udalari, San Markos Mankomunitateari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietako errauste plantaren proiektua geldiarazteko eskaera egin diete Miramar jauregian elkartu diren gizarte eragileek. Alderdi politiko, sindikatu eta bestelako ordezkariz osaturiko taldeak Usurbilgo Itunarekin bat egiten duen Donostiako Ituna sinatu zuten.
Itunak finkatzen dituen irizpideen arabera, zaborren kudeaketa eredua aukeratzerako garaian, osasuna lehenestea aldarrikatzen dute sinatzaileek. Hori dela eta, erraustegiaren aukera baztertzea eskatu dute eta hondakin gutxiago sortzea, berrerapilpena eta birziklatzea ardatz nagusiak izan behar dutela zehaztu dute.
Horrekin batera, errauskailuaren ordez herri bakoitzari egokitutako gaikako bilketa eta konpostajea uztartuko dituen sistema bultzatzeko lan egin behar dela azpimarratu dute. Gaikako bilketarekin lotuta, Usurbilgo atez ateko bilketa jotzen du Donostiako Itunak aukerarik eraginkorrena, emaitzak berehalakoak direlako eta lanpostuak sortzen dituelako.
Proposamen hauek guztiek eman ditzateketen emaitzak ikusteko, eta «errauste plantaren lekuan aukera osasuntsu, iraunkor eta bideragarriagoak» daudela erakusteko, errauste plantaren proiektua sei urtez eteteko eskaera egin dute.