Ahots berriak bilatzeko kanpainari ekingo dio Orfeoiak
Orfeoia, ahots berrien bila
Ahots gazte berriak aukeratzeko urteko kanpainarekin hasiko da laster Donostiako Orfeoia. Hautagaiek proba batzuk gainditu beharko dituzte. Bestalde, abesbatzak astean hiru egunetan entseatu ohi du bere egoitzan, San Juan kalean. Entsegu horietan parte hartzeko konpromisoa azaldu beharko dute parte hartzaileek.
Hurrengo asteetan Orfeoiak zenbait emanaldi egingo ditu hirian. Martxoaren 26an Orfeoi Txikik eta Txistulari Bandak kontzertua emango dute udaletxean, 19:30ean. Egile klasikoen gai herrikoiak interpretatuko dituzte, Tomas Garbizurenak, esaterako. Josu Elberdin, Xavier Sarasola edota Juantxo Zeberio bezalako egile garaikideagoen piezak ere entzun ahal izango dira.
Martxoaren 31n, berriz, Orfeoiak Jose Inazio Ansorena eta Josu Okiñena sarituko ditu. Ekitaldia EHUko Donostiako kampuseko Ignacio Maria Barriola eraikineko auditorioan izango da, 19:00etan.

