Els Joglarsek etorkizunera egin du bidaia konpainiaren 50. urtemugan
Els Joglarsek ikuskizun berria aurkeztuko du Victoria Eugenian.
Malenkonia alde batera utzi, eta atzera begiratu beharrean, etorkizunera begira jarri da Kataluniako Els Joglars konpainia. Berrogeita hamar urte bete ditu taula gainean, baina ez du iraganera itzuli nahi izan. Denboran aurrera egin dute azken ikuskizunean, ‘2063 Omena-G’ obran. Hogeita bost urte, hain zuzen ere. Sortzaile eta zuzendariak, Albert Boadellak «anti-omenaldia» egin du nolabait. Donostian, azken aldiz, ‘La cena’ ikuskizunarekin izan ziren, eszenatoki berean. Bi urteren ondoren itzuli dira.
Demagun 2036an, taldearen 75. urtemugan, omenaldi bat egiten diotela Els Joglarsi. Zer izango da konpainia orduan? Bizirik izango al dira aktoreak? Eta zuzendaria? Nolakoa izango da gizartea? Els Joglarsek sarkasmo handiz irudikatu du gizarteak azken mende erdian izan duen bilakaera. Eta sarkasmo bera erabili du bere buruaren aurka ere, inolako errukirik gabe. Ikuskizun ankerra eta sarkastikoa, baina jostagarria eta samurra aldi berean. Horrelakoa da ‘2036 Omena-G’, amore ematen ez duen obra.
Maiatzean bukatuko dute bira eta «irailean beste ikuskizun berri bat estreinatuko dugu», azaldu zuen atzo Els Joglarsen 27 urte lanean eman dituen Ramon Fontserek. «Oraindik ez dugu erabaki obraren izenburua, baina duela hemezortzi urte taularatu genuen ‘El Nacional’ ikuskizunaren berrikuspena izango da. Orduan landutako gaia gainera oso egokia da orain bizi dugun momenturako, krisiaren ingurukoa baitzen».