Igeldoko funikularra eraberritzeko azterketa agindu du Eusko Jaurlaritzak
Donostiako sinbolo nagusietako bat da Igeldoko funikularra. 2013. urtean ehun urte beteko ditu Igeldotik gora eta behera hasi zela. Mendeurrenarekin batera, trena kudeatzeko baimena eman zela 99 urte beteko dira eta berritzeko garaia heldu da, 2012. urteko urtarrilaren 19an bukako delako.
Funikularraren jabe den Eusko Jaurlaritzak kudeatzailea aukeratzeko lehiaketa abian jarri baino lehen, azterketa agindu du. Azterketak trenak beste ehun urte iraun ditzan, egin beharreko berrikuntzak zehaztuko ditu. Baita egun indarrean diren irisgarritasun eta segurtasun neurriei egokitzeko pausoak ere.
Emaitzen arabera, lehiaketaren nondik norakoak finkatzeko moduan egongo direla zehaztu du Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak.
Lehiaketaren oinarriak ezarri baino lehen, Eusko Jaurlaritzak egungo kudeatzaileekin harreman zuzena izango duela adierazi du Ernesto Gascok, benetako beharrak zeintzuk diren ezagutzeko.
Azterketa esku artean izan arte, beraz, Jaurlaritzak funikularra berritzeko inbertsiorik egin beharko ote duen jakiterik ez dagoela dio Garraio sailburuordeak. Funikularra garai berrietara egokitzeko egin beharreko inbertsioa oso handia ez balitz, lehiaketa irabazten duen enpresak aurre egin diezaiokeela gaineratu du, halaber.
Baimena akitu aurretik, hamaika hilabete ditu Jaurlaritzak lehiaketako oinarriak prestatzeko.
373.303 bidaiari
Orain arte, Igeldoko parkeko arduradunek egoki kudeatu dutela azpimarratu du Gascok, era berean. Lan horren fruitu azken urteetako emaitza oparoak izan direla adierazi du. Iaz, esaterako, 373.303 bidaiari igo ziren funikularrera, 2009an baino %12,64 gehiago. 2009a ere kaxkarra izan ez zela zehaztu du, 2008arekin alderatuz, %9 egin zuelako gora.
Kudeatzaileek, hala ere, urte gogorrak bizi izan dituztela argitu dute. «30 urtetan zerbitzua defizitarioa» izan da. Publizitatean, baina, ahalegin berezia egin dutela esan dute.
